PILOTA. Bigarrenak beharko du hobea

Eugi eta Ruiz izan dira lehen jardunaldian kaltetuenak; Irujo, Barriola eta Olaizolatarren txanda da

enekoitz telleria sarriegi
2004ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Urtero gertatzen da antzeko zerbait. Hotz-hotzean harrapatzen ditu txapelketak pilotariak. Ez dutelako behar beste entrenatzerik izan, erritmoa falta zaielako, lehen partidako noraeza... Oso zaila da horregatik txapelketa baten lehen jardunaldia biribila irtetea. EPELen aurtengo lau t'erdikoaren lehena ere ez da, tamalez, salbuespena izan. Partida onik ez, txukunik apenas, eta kaskarrak mordoxka bat bai. Kaltetuenak, faboritoen zerredan egon eta aurrera egitea lortu ez dutenak bi: Patxi Eugi eta Patxi Ruiz. Iñigo Leizaren kontra galdu zuen lehenengoak herenegun. Galdu partida, eta galdu bere buruarengan konfiantza berreskuratzeko aukera lesioak direla, txakalaldiak direla, onenen mailan aritzeko arazoekin jarraitzen du Agoizkoak. 20-15 aurretik joan eta partida aurrera ateratzen ez asmatzeko gaizki egin behar ditu norberak gauzak eta oso ongi kontrarioak. Horixe gertatu zen Altsasuko Burundan. Hasiberri baten kaleak eta opariak egin zituen Eugik, eta zaildutako beteranoak patxada eta burua izan zituen Leizak. Lau t'erdian bikain moldatzen zen afizionatu mailan ere, eta ordukoaz akordatuta eman dio Asegarce enpresak aukera. Ez du alferrik galdu.

Emandako beste aukera batzuk ez dira horren ongi irten. Aspek Xabier Galarzaren alde egindakoa da bat, ez zuen-eta Iñaki Esainen kontra bererik eman. Harenaren aldean, ordea, Patxi Ruizek emandako maila izan da eskasa. Bere kirol ibilbideko jipoirik handiena hura zela esanez amaitu zuen Xalaren kontrako partida, eta bada hori zerbaiten seinale. Xalak udako bere sasoi bolada gozoari eusten dio, eta Leizaren kontra neurtuko ditu indarrak hurrena. Imanol Agirrek asko sufrituta irabazi zion Enrike Galarzari, baina gainditu du lehenengo saioa.Bigarrenak izan beharko du, horrenbestez, lehenengoak baino hobea. Buruz buruko egungo txapelduna (Martinez Irujo), lau t'erdiko duela bi urteko txapelduna (Aimar Olaizola), eta lau t'erdiko duela hiru urteko txapelduna (Abel Barriola) sartuko dira lehian. Egunak eta frontoiak zehaztuta daude. Ostiral gauean arituko dira Abel Barriola eta Juantxo Koka Oiartzunen (bihar egingo dute pilota aukeraketa, 11:30ean). Larunbat arratsaldean jokatuko dute Aimar Olaizolak eta Sebastien Gonzalezek Barakaldon (bihar dute haiek ere pilota aukeraketa, 16:00etan). Juan Martinez Irujok eta Oinatz Bengoetxeak igandean dute partida Eibarren (pilota aukeraketa ostiralean, 16:30ean). Asier Olaizolak eta Ismael Chafeek jokatuko dute bigarren jardunaldiko azken norgehiagoka, astelehenean, Gernikan (pilotak aukeratzeko eguna ez dute zehaztu).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.