Manomanistak gaur gauean izango du aurtengo lehen hitzordua. Txapelketa nagusiko lehen pilotakaden oihartzuna Amurrioko frontoitik iritsiko da. Juantxo Kokak eta Haritz Berraondok elkarren aurka jokatuko dute. Bertan, final-hamaseirenetan Gonzalezen aurka aritzeko aukera egongo da jokoan.
Partida estua izatea espero da, Banakako Txapelketa bi pilotariek urte osoan itxaron duten hitzordua baita. Halere, hori ez da lehian izango diren bi pilotarien arteko antzekotasun bakarra. Kokaren eta Berraondoren kirol ibilbideek parekotasun ugari izan dituzte. Biak aurrelariak dira, biek bigarren mailako txapela jantzi dute, biek enpresaren esker txarraren mikatzak dastatu dituzte, eta bien helburua lehen partida irabaztea da. Antzekotasunez gain, ordea, aspaldiko partez Banakako Txapelketan bi gipuzkoar elkarren aurka ikusteak sortu du ikusmin gehien. Hiru urte beteko dira txapelketa nagusian bi gipuzkoarren arteko azken partida jokatu zenetik. Jokin Errasti eta Aitor Elkoro 2002ko apirilaren 14an jokatzekoak ziren. Elgetakoa sailkatu zen orduan, Errasti lesionatu egin zelako. Kokaren eta Berraondoren ibilbideek antzekotasun ugaribadituzte ere, Altzakoak askoz eskarmentu handiagoa du Banakako Txapelketan. Kokak zazpi aldiz hartu du parte du eta azken hiru aldietan partida bat baino gehiago irabazi du. Aurten, berriro ere handiekin egoteko gai dela erakutsi nahi duela esan du. Haritz Berraondok, berriz, bigarrenez jokatuko du buruz burukoan. 2002an jokatu zuen lehengo aldiz. Ordukoan Iñaki Esainek lehen fasean kanporatu zuen (22-4). Aurten, Aspeko sailkatze aurreko fasean bi partida jokatu ditu eta maila oso ona erakutsi du. Berraondok jokatzeko irrikan eta «uste baino sasoi hobean» dagoela onartu du.
Final-laurdenak bi asteburutan jokatuko dira
EPELek jakitera eman duenez, Banakako Txapelketaren final-laurdenak bi asteburutan jokatuko dira. Lehen asteburuan, maiatzaren 1ean, Eugi eta Irujo hasiko dira. Xalak eta Olaizola II.ak, berriz, maiatzaren zortzian jokatuko dute. Aldaketa honek astebete atzeratuko ditu finalerdiak eta finala.
PILOTA. Hau hastera doa
Koka-Berraondo partidarekin abiatuko da gaur Eskuz Bananako Txapelketa, Amurrion (22:30, ETB1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu