PILOTA. Lasaren aurpegi guztiak

Oskar Lasak Iñaki Esain kanporatu du eta Oinatz Bengoetxearen aurka ariko da larunbatean

IMANOL MAGRO - TOLOSA
2005eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Pilotazaleek Oskar Lasa maite dute. Atzo, berriro ere, argi gelditu zen ikusleek Etxarrikoarekin duten debozioa. Tolosan, Lasak bere izaeraren aldaera guztien erakusketa egin zuen. Hori da, hain zuzen, zaleek gustuko dutena, gizon beroa dela eta sentimenduak estaltzen ez dakiela.

Atzo, Lasaren aurpegi guztiak ikusi ziren. Partidaren hasieran, sufritzean oihu egiten duena erakutsi zuen. Ezinean eta urduri, aulkiaren babesa bilatu zuen etengabe. Gero, partidari buelta ematen hasi zenean malezia erakustaldia egin zuen. Tanto arteko tartean, atzeko koadroetan paseatzeari eta pilota etengabe botatzeari ekin zion. Epaileei bizkarra emanez, galdutako arnasa berreskuratu eta Esainen erritmoa hautsi zuen. Bukaeran Esainek hitz gogorrak eduki zituen epaile batekin, Lasaren jukutriak moztu ez izanagatik. Malezia, esperientziaren fruitua, pilota eskolan ikasten ez dena. Azkenean Lasa indartsuaren aurpegia ikusi zen. Airez indarrez sartu eta agintzen duena. Tantoa bukatzean irribarre erraldoia erakutsi eta bere burua etengabe animatzen duena. Atsekabetik, poztasunera. Hasieratik amaierara. Aurkako 2-10 tik aldeko 22-20ra.

Esainen hasiera indartsua

Iñaki Esainek bizirik ihes egiten utzi zion Lasari. Burlatakoak sekulako partida hasiera egin zuen. Oso luze sakatuz tantoa hasieratik menperatu zuen. Konfiantza izugarriarekin irten zen, eta Lasaren aurka airez jokatzea erabaki zuen. Sotamanoz eta ezker boleaz gozatuz, Etxarrikoaren gabeziak aireratu zituen.

Beotibarreko zaleak aho bete hortz gelditu ziren sasoi erakustaldiarekin. Bolearekin aginduz eta dejadarekin amaituz Lasa lehertarazi zuen (2-10). Lasaitu zenean, etxarrikoak markagailua estutu zuen. Botera jokatuz Esain frontisetik urrundu zuen, gero dejada neurtuekin tantoa amaitzeko (9-12). Lasak guztira zortzi tanto egin zituen dejadaz. Esainek, baina, ondo prestatu zuen atzoko partida, eta berriro ere tartea ireki zuen. Ezker boleaz sartuz partida hasierako jokoa berreskuratu zuen. Esain oso indartsu ageri zen bitartean aurkariak arnasestuka bukatu zituen tantoak. Markagailuak 9-15ekoa erakusten zuen eta dirua 30-100i zegoen Esainen alde. Lasak, gainera, hiru atsedenaldi xahutuak zituen.

Hauspoa berreskuratu zuen

Esperientzia bertute garrantzitsua da, eta hor ere Lasak erakustaldia eman zuen. Esainen opari bati esker sakea berreskuratu eta partida irauli zuen. Tantoen arteko tartea luzatuz, hauspoa berreskuratu eta burua hoztu zuen. Gero, arriskatzeari ekin zion: dejadatxoak botaz, boteprontoak jokatuz... Esain urduritzen saiatu zen.

Saiatu eta lortu, 16-18 gerturatu zenean Burlatakoak bi pilota jarraian txapapera bota baitzituen (18-18). Lasaren irribarre aurpegia Esainen kirioekin uztartu zen. Urduritasunak Esainen konfiantzari kalte egin zion eta bi tanto jaso zituen saketik. Burlatakoak errestoan erakutsiriko segurtasunaren irriñorik ere ez zen ageri. 21. tantoa dejada batekin lortu zuen Lasak. Esainek indartsu ekin zien azken tantoei eta luze jokatzea erabaki zuen. Bi tanto egin zituen. Bata Lasari beharturiko erru baten bidez. Bestea, urrundik botariko dejada batekin (21-20). Hondar tantoan, baina, ez zuen zorterik izan eta seigarren koadrotik botariko azken dejada txapapera joan zen. Bukaeran, aldageletan, Lasa zoriontsuaren aurpegia ikus zitekeen.

LASA III.A 22

ESAIN 20

Iraupena: 65 minutu.

Pilotakadak: 267.

Saketik: Lasa III.ak 7, Esainek 6.

Markagailua: 1-1, 2-2, 2-10, 7-10, 7-12, 9-12, 9-15, 11-15, 11-16, 15-16, 15-18, 18-18, 21-18, 21-20 eta 22-20.

Egindakoak: Lasak 13, Esainek 14.

Galdutakoak: Lasak 6, Esainek9.

Bestelakoak: Sarrera erdia Tolosako Beotibarrem, EPELek antolaturiko Eskuz Banakako Txapelketako partida ikusteko. Apustuetako dirua Lasaren alde irten zen, 100-80ri. Diruaren kolorea askotan aldatu zen eta trabes ugari gurutzatu ziren. Oinatz Bengoetxea bere aurkaria izango zenaren partida ikustera gerturatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.