PILOTA. Mozorrorik gabe

Titin III.a-Barriolak ere lortu dute finalerdietarako txartela, partida gogor bezain ikusgarrian

ENEKOITZ TELLERIA - TOLOSA
2005eko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Atzoko egunez Tolosara mozorrorik gabe joatea baino sentsazio arraroagorik ez dago. Hori dute bertako inauteriek: lotsa gehiago izaten duela askotan kalean aurrera, bere horretan, serio demonio doanak, tramankulurik arraroenera igo eta bereak eta bi egin eta esaten ari den mozorrotuak baino. Hori du atzoko egunez Tolosako Beotibarrera joateak ere. Bestetan izaten ez den giroa sumatzen dela harmailetan, beste kolore bat izaten duela funtzioak, eta, atzokoan behintzat, batere mozorrorik gabe aritu zirela partida nagusiko lau pilotariak. Bakarra jantzi zuten, janztekotan: lanerako atorra.

Ordu eta berrogei minutuko partida bat ikusi eta gogorra bezain ikusgarria izan zela esatea ez da askotan gertatzen. Atzo bai. Eta ez genuen hasieratik horrelakorik espero. Xala eta Lasa hasi ziren askoz hobeto; beldurti Titin, eta lotuta Barriola. Tanto on gutxi, hutsak batek eta besteak, eta 6nakoa eta 8nakoa markagailuan. Asentatu egin zen Barriola. Pilotarena jarri, baztertu eta aukera zuenean, jo. Ausardiaren alde egin zuen Titinek. Atzo bai. Ez du lehengo konfiantzarik ematen. Batean bale eta bestean kale ibili zen atzo ere askotan, antzu ideia aldetik, baina kontrarioen erritmoa apurtu zuen, tantoak katramilatu, eta jokoa eta Xala nahastu. Kosta egiten zaio oraindik Barriolarekin konpontzea batzuetan. Izan ziren atzo ere ez zuretzat ez niretzat gelditu ziren pilotak, baina konpontzen direnetan garaiezinak dirudite. Keinu batek han, pilotakada ikusgarria besteak hemen, tantoa hurrena. Batek ematen ez duen konfiantza besteak ematen du. Itzela atzo Barriolak egindako partida. Eskuin eskuarekin baztertu egin zuen jo baino gehiago bultzaka aritu zen amaieran, baina beldur handirik gabe esan genezake ez dagoela uneotan beste inor ezkerrez pilota hark adina ateratzen duenik. Erakustaldia izan zen atzokoa. Lan eskerga egin zuen defentsan, kilometroak egin zituen kantxan, eta aldageletara ere joan behar izan zuen 20-17koan, karranpak zituelako izterraldean.Tratua hartu zuen berak, baina tratua Lasak ere. «Gogorra haiz motel!» aldameneko ikusleak Etxarrikoari buruz esandakoa. Ikuskizuna da hura horrela jokatzen ikustea. Ez sinestekoak boleaz bueltatu zituen pilota asko, gozatzekoak aurrelaririk trebeenaren pare aurrean amaitu zituen tantoak, eta txalotzekoa sufritzeari horren beldur gutxi izatea. Ez zuen partidarik irabazi, baina pilotazale askoren errespetua bai. Gutxitan jokatzen dute bi atzelarik horren partida biribila.Eta Xala? Lehen zati dotorea egin zuen, Titinen jokoan nahastu zen bigarrenean, eta behera egin zuen hirugarrenean. Kolpez hasi zen fresko, hazita konfiantzaz, baina partidatik irten zen gero, tanto erabakigarrietan ez zuen asmatu, eta azaldu behar zuenean ezkutatu egin zen.Finalerdietako bat zehaztuta gelditu da: Titin III.a-Barriola eta Bengoetxea VI.a-Beloki leitzarrek ziurtatua dute finalista bat. Bestean, kitarakoaren zain daude Irujo-Goñi III.a.

TITIN III.A-BARRIOLA 22

XALA-LASA III.A 17

Iraupena: Partidarena 100 minutu. Jokoarena: 48 minutu

Pilotakadak: 959.

Saketik: Titin III.ak bakarra, Xalak bi.

Markagailua: 0-3, 1-3, 1-3, 1-4, 2-4, 4-5, 4-6, 5-6, 6-6, 6-8, 7-8, 8-8, 10-8, 10-9, 11-9, 14-9, 14-10, 15-10, 15-12, 16-12, 16-14, 17-14, 17-15, 17-16, 18-16, 18-17, 19-17 eta 22-17.

Egindakoak: Titinek zazpi, Xalak bost, Barriolak bat eta Lasak bat.

Galdutakoak: Titinek bost, Xalak zazpi, Barriolak lau eta Lasak lau.

Bestelakoak: Gainezka egin behar batean Tolosako Beotibar frontoia. Jende asko zutik pasiloetan. Giro aparta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.