Jorge Nagorek ASPErekin duen kontratua ez duela luzatuko jakinarazi zuen atzo, komunikabideetara bidalitako gutun baten bidez. Horretaz gain, Irurtzungo aurrelariak Eibarko enpresakberarekin izandako jokaera «umiliagarria» kritikatu du.
Jorge Nagorek iaz berritu zuen kontratua, aurtengo martxoaren seia arte. Aurten, berriz, lan akordioa ez luzatzea erabaki du. «Ez dakit enpresak kontratua luzatu nahiko didan, halere ez dit ardura, aspaldi hartu bainuen erabaki hau», dio Nagorek eskutitzean. Horren harira, eta Aspeko gerente Patxi Mutiloak atzo zehaztu zuenez, enpresak atzo bidali zion postaz Nagoreri kontratuaren luzapena.
Nagorek bere nahiaren aurka eta atsekabe handiz hartu du kontratua ez berritzearen erabakia, bere burua goi mailako pilotan lehiatzeko gai ikusten baitu. Asperetik jasotzen ari den tratu «umiliagarriak», baina, bere duintasuna mindu duela onartu du, eta horregatik erabaki du kontratua ez luzatzea. Irurtzungo aurrelariaren iritziz, enpresak berarekin izandako jokaera ez dator bat berea bezalako garaipen zerrenda duen pilotari batek jaso beharko lukeenarekin hiru aldiz Lau t'erdiko txapeldun eta Binakako Txapelketa bat (1999). Eskutitzean, Nagorek aurtengo Lau t'er- dikoan hirugarren izan ondoren, «hamabost egunera jaialdietako hirugarren partidetan programatu» izana arbuiatu du.Idatziaren bukaeran, Irurtzungoak «kontzientzia lasai» duela adierazi eta, azken bi urteetan «psikologikoki hondoratu» egin dutela onartu du. Eskutitzean Nagorek ez du zehazten jokatzen jarraituko duen edo ez.
Aspek balorazio ofizialik egin ez badu ere, enpresako gerenteak zehaztu zuenez atzo bildu behar ziren jokalariarekin kontratuari buruz eztabaidatzeko. Enpresaren asmoa Nagoreren kontratua beste urtebetez berritzea zen, aurreko «baldintza berekin». Nagorek EPELetik kanpoko enpresa batekin sinatzen badu, heldu den urteko Lau t'erdikoaren araudia aldaraziko du. Irurtzungoa final-laurdenetarako automatikoki sailkatuta baitago.
PILOTA. Nagorek ez du Aspen jarraituko
Irurtzungoak ez du kontratua luzatuko, Eibarko enpresaren jokaera «umiliagarria» dela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu