PILOTA. PILOTA

ESKU-HUSKA. Amorruak piztu du txapelduna. Epaileen erabakiek Irujo haserretu dute, eta aurkako 13-19koa altxatu du jarraian eginiko bederatzi tantorekin

Imanol Magro Eizmendi.
2006ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Martinez Irujo 22

Saralegi 19

Iraupena. 55 minutu.

Saketik. Martinez Irujok 3; Saralegik 4..

Markagailua. 0-1,4-1, 8-3, 9-9, 9-11, 11-16, 13-17, 13-19 eta 22-19.

Besteak. Sarreren hiru laurdenak saldu zituzten Tolosako Beotibarren; Amezketatik joaniko zale andanak giro aparta jarri zuen harmailetan. Apustuetako dirua 100-20ri irten zen Irujoren alde. Epaileek txartel beltza erakutsi zioten Martinez Irujori.

Epaileen erabakiek Irujo haserretu dute, eta aurkako 13-19koa altxatu du jarraian eginiko bederatzi tantorekinIMANOL MAGRO

Tolosa

«Haserretzen direnean pilotari askok okerrago jokatzen dute; niri, berriz, kontrakoa gertatzen zait: piztu egiten naiz». Juan Martinez Irujok esaldi bakarrean laburbildu zuen atzo, Tolosan, bere garaipena. Saralegiren ausardiak jota utzi zuen Iberokoa hasieran, amezketarrak dantzan izan zuen txapelduna, eta amore eman behar zuela zirudienean epaileek Irujo partidan sartu zuten. Protesta egiteagatik txartel beltza erakutsi zioten, pilotaria biraoka hasi eta sutu egin zen. Haserre, berehala ahaztu zitzaizkion bizkarreko min guztiak, zirimola indartsua bihurtu zen eta Saralegi bete-betean harrapatu zuen. Azken bederatzi tantoak jarraian egin zituen eta final-zortzirenetarako sailkatu zen. Irujok Berasaluze IX.a izango du hurrengo aurkari, igandean, Bergaran.

Badago aurtengo Lau t'erdiko Txapelketan Saralegik atzo eginikoa baino gutxiagorekin aurrera egin duen pilotaririk. Amezketakoa artista da, eta atzo partida bikaina jokatu zuen. Beotibarren, binaka ere aukera hobeak behar dituela erakutsi zion enpresari. Bere gabezia nagusiak, ezker botea eta errestoa, primeran konpondu zituen, eta erasoan urtetan zailduriko errekurtso guztiak erabili zituen. Ausart jokatu zuen, lotsagabe, eta ikuskizuna emanez erotzear izan zituen Beotibarren baturiko amezketar guztiak. Saketik eginiko lau tantoei bi hormabiko, bi dejada, bost bolea eta mozturiko beste hiru tanto gehitu zizkien; izugarria. Lehiaren zati handi batean ausardiak saria izan zuen (13-18), bost tantoko aldea eta partidan lehenbizikoz dirua urdin.

Sortako azken tantoan, baina, iskanbila hasi zen Beotibarren. Irujo bi minutuz baino gehiago egon zen atseden hartzen eta epaileak txartel zuria atera zion. Iberokoak protestaka jarraitu zuen eta beltza erakutsi zion. Enpresen Ligak isuna jarriko dio. Iberokoa sutu egin zen, haserre bizian pilota frontiseko koltxoi gainera bidali zuen. Hurrengo tantoa saketik egin zuen Saralegik (13-19), eta bere botilleroak atseden hartzeko agindu zion.

Irujo ez zen eseri kontrarioak eskaturiko atsedenaldian. Kantxan gelditu zen, haserre bizian sakeak egiten. Aurpegia aldatuta, elastiko gorriaren azpian ez zegoen hasierako pilotari berdina. Irujok maisuki berreskuratu zuen sakea; erresto bikaina, hormabikoa eta bi pilotakada txokora, bigarrena gehiegi izan zen Saralegirentzat.

Sakearekin, Irujok hiru astetan gordetako amorru guztia atera zuen azken txanpan. Luze eta bortitz jokatu zuen, ezker-eskuin, min eginez. Eztabaida, liskar eta bi atsedenaldiek Saralegi hoztu zuten. Arriskatuz asmatzeko, jokoan egon beharra dago eta amezketarrak partidako erritmoa galduta zuen. Buruz buruko txapeldunak errenkadan egin zituen partidako azken bederatzi tantoak. Partida hasieran erabilitako dejada eta boleak lekutan gelditu ziren; txapa gainean moztuta, Saralegiren orkatilen bila joan zen.

Amezketakoa saiatu zen bolada hausten; bere bi saiakerek, baina, doi-doi jo zuten kontrakantxako marra. Aurkariari aurre ezin eginda zaudenean dena da zailagoa. Irujok saketik egin zuen azken tantoa, biak, batera, txalo zaparradaren azpian aldagelara joan aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.