Berria Txapelketako final-zortzirenak osatzeko kanporaketa bakarra falta da ostiralean Iparraldeak eta Zaramagak jokatuko dutena, eta joan den asteburuan gertatu da orain arteko ezustekorik handiena: Lemoak kanporatu egin duela egungo txapelduna, Amezketako Zazpi Iturri. Beste bi kanporaketetan? Emozioa nagusi Arkupek eta Andazpek Aginagan jokatutakoan, eta Ilunperen garaipen erraza Altzan jokatutakoan.
LEMOA 55; ZAZPI ITURRI 51
Kadeteak: Arrese-Gojenola 11; Ropon-Leunda 22.
Jubenilak: Galarza-Olabarrieta 22; Elurbe-Legarreta 20.
Nagusiak: Erauskin anaiak 22; Haritz-Baez I.a 9.
Egia da faborito argirik gabeko kanporaketa zela, baina txapeldunek ez zuten inondik inora kanpora gelditzea espero. Ongi irabazi zuten amezketarrek kadeteetan, eta polita irten zen jubeniletako partida. 13-19 izan zuten etxekoek alde, baina ikusleentzat hasi zen jokatzen Elurbe taldearentzat beharrean, arnasa eman zien kontrarioei, galdu egin zuten partida, eta galdu tanto errenta erabakigarria. Nagusietan, 14 tanto behar zituzten amezketarrek, baina 9 baino ez zituzten egin. Izugarri jokatzen dute Erauskin anaiek.
ARKUPE 55; ANDAZPE-PAGOLA 52
Kadeteak: Esparza-Martin 22; Esnaola-Zinkunegi 15.
Jubenilak: Soler-Abadia 11; Iribar anaiak 22.
Nagusiak: OarArteta-Apraiz 22; Errasti-Arruti 15.
Hiru tanto eskasengatik, baina gernikarrek egin zuten aurrera. Polita izan zen kadeteen mailako partida, nahiz eta lau pilotariak lehen urtekoak izan. Nagusitasunez irabazi zuten usurbildarrek jubeniletakoa, eta ongi aritu ziren nagusietan ere Arrutiri eskuin eskua hondatu zitzaion arte. Hor egin zien ihes kanporaketak.
TXAPAGAIN 31; ILUNPE 66
Kadeteak: Ariznabarreta-Oliveira 9; Ieregi-Elustondo 22.
Jubenilak: Otegi-Gutierrez 7; Larrañaga-Uzkudun 22.
Nagusiak: Errazkin-Goikoetxea 15; Beobide-Alkorta 22.
Txapagain taldeko Iruretak ez zuen kanporaketa jokatzerik izan, eta zeharo aldatu zuen taldea entrenatzaileak. Jubenil mailako pilotaria da Goikoetxea, baina nagusiekin aritu behar izan zuen, eta hankamotz gelditu zen Txapagain jubeniletan. Lehendik ere talde sendoagoa dauka Ilunpek, itxuraz, eta kontrario ahulduaren aurka askoz errazago egin zuen lan. Alderik handiena, dena dela, jubeniletan ikusi zen. Larrañaga eta Uzkudun, Gipuzkoako egungo txapeldunak dira.
PILOTA. Txapeldunik gabe
Lemoak eman du Berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu