Pilotari berriei ireki diete binakakoa

Sei bikotek jokatuko dute Azysa erremonte txapelketa, eta bakoitzean txapeldun ohi bat dago

Binakako erremonte txapelketan parte hartuko duten pilotariak, Oriamendiko teknikariak eta Azysako ordezkariak, atzoko aurkezpenean. MAIALEN ANDRES.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Sei bikotek parte hartuko dute Azysa binakako erremonte txapelketan. Etzi hasiko da, eta abenduaren 19an amaituko. Hutsune handia du, Julen San Miguelek ez baitu jokatuko, min hartuta dagoelako. Aldiz, estelarretan hain ohikoak ez diren pilotariek parte hartzeko aukera izango dute, besteak beste, Matxin III.ak, Agirresarobek eta Ionek. Nabarmentzekoa da baita ere bikote guztietan dagoela binakako txapela noizbait irabazitako pilotariren bat. Ia partida guztiak Galarreta pilotalekuan jokatuko dira. Denak, bi ezik, abenduaren 3ko finalerdietako bi partidak Uharteko Euskal Jain jokatuko baitira.

Sei bikoteek bi multzotan banatuta ekingo diote txapelketari. A multzoan Ezkurra-Aizpurua II.a, Zeberio II.a-Ion eta Urtasun-Etxeberria III.a ariko dira. B multzoak, berriz, Juaristi-Lizaso, Urriza-Agirrezabala eta Matxin III.a-Urrutia elkartuko ditu. Biak ala biak itzuli bakarrera jokatuko dira, eta lehen partida etzi izango da, Ezkurra-Aizpurua II.a eta Urtasun-Etxeberria III.aren artean. Lehen fasea azaroaren 24an bukatuko da, eta multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek egingo dute aurrera. Partidak ostegun eta larunbatez izango dira. Enpresaren asmoa zazpi bikote elkartzea zen, lau bikoteko multzo batekin, baina San Miguelen hutsuneak Uterga kanpoan utzi du.

Finalerdiak kanporaketa bidez garatuko dira, eta finalera sailkatzeko, bi partida irabazi beharko dituzte. Azaroaren 26a eta abenduaren 8a artean jokatuko dira, eta kitarakorik beharko balitz,10ean litzateke. Finala, azkenik, abenduaren 19an jokatuko da, ohiko denez, Galarretan.

Iazko txapelketarekin alderatuta, bi bikote mantendu dituzte: Zeberio II.a-Ion eta Juaristi-Lizaso. Zeberio II.a-Ion txapeldunorde izan ziren iaz, eta aurtengoa txapelketari elkarrekin ekiten dioten hirugarren aldia da. Zeberio II.a da txapel gehien duen pilotaria, sei, eta alboan bi final galdu dituen atzelaria izango du. Multzo berean, Ezkurrak zortzi final jokatu ditu, eta hiru irabazi. Aizpurua II.ak, berriz, aurreneko binakakoa jokatuko du 36 urterekin. Atzo, zoriontsu zegoen. «Datak gerturatu ahala jokatuko genuela esaten ziguten, baina ikusi arte ez duzu sinesten». Multzoko hirugarren bikotea da izen gutxien duena. Etxeberria III.a iaz izan zen txapeldun, eta Uterga ez da inoiz iritsi finalera.

B multzoari dagokionez, Urriza jokaturiko lau txapelketetan iritsi da finalera, eta hirutan jantzi du txapela. Agirresaroberentzat, berriz, bigarren txapelketa da. Juaristi eta Lizaso, berriz, elkar ondo ezagutzen duen bikotea da, askotan jokatu baitute elkarrekin, tartean beste binakako bi txapelketa. Lizasok bi aldiz jokatu du finala, eta behin irabazi. Urrun du, baina, sasoirik onena. Juaristik, berriz, urteak daramatza txapelketan parte hartzen, baina ez du inoiz pasa finalerdien langa. Azkenik, Matxin III.a beste aurpegi berrietako bat da, baina enpresak haren urte ona saritu nahi izan du. Urrutiari dagokionez, bi aldiz iritsi da finalera, eta behin jantzi du txapela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.