Pisu handiko dema

Bartzelonaren aurka jokatuko du gaur Baskoniak, Unicajaren aurkako joko bera egin eta hobetzen jarraitzeko

Andoni Urbistondo.
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Fedea baino sentimendu garrantzitsuagorik ez omen dago. Sinesten baduzu, ahal duzu, sinesten ez baduzu, ez. Ez dago bueltarik. Michael Jordan handiak esaten zuen talde batek lorpen bat lor zezakeela sinetsita bazegoen sinesmen horrek gailurrera eramango zuela. Talentua, kemena, sufritzeko gaitasuna eta besteren gainetik. Fedearen arloan pobre samar dabil Baskonia, baina ari da, pixkanaka-pixkanaka, buruko indarra irabazten. Guztiok nahiko genukeena baino mantsoago, baina ari da. Unicajaren aurka egindako jokoa, horren adibide. Bi minutu izan ezik, baleko partida jokatu zuen.

Orain aste batzuk 8-10 minutukoak ziren arabarren itzalaldi horiek. Eta partida berean errepikatu egiten ziren. Granadaren aurka, ligan, halamoduz aritu ziren lehen zatian, eta nahiko txukun bigarrenean. Granada ez da Unicaja, eta ligako exijentzia eta Euroligakoa ere ez, baina taldea konfiantza lortzen ari dela dirudi, eta ekindako bidean atzerapausorik ez ematea, onena. Nola, erraza da: partida duina egitea gaur ligako liderraren aurka, Bartzelona ahaltsuaren aurka.

Eta zer da duina? 40 minutuko partida egiten saiatzea, gorabeherarik gabe, etxekoak egurrean hasten direnean erauntsia hartzeko gaitasuna erakustea. Eta, batez ere, talde moduan jokatzea, jokaldi landuak egitea, eta jokalariak berekoi ez aritzea. Halakorik gertatzen bada, muturreko handia jasoko duelako Baskoniak, eta emandako pauso txikiak haizeak eramango dituelako. Eta hamaikagarrenez bideari ekitea gogorra litzateke jokalarientzat. Noiz, eta sasoiko une kritikoenean, Euroligako geroa erabakiko denean.

Emaitzari dagokionez, garaipena zeruko izarrak baino urrunago ikusten den aukera da, baina hor sartzen da jokoan Baskonia izaera famatua. Talentuz eta baliabidez irits ezin den taldea zailtasunean jartzea, eta parean duten taldea inoiz ez dela belaunikatzen erakustea. Porrota ere ona izan daiteke. Puntu gutxigatik galtzen bada, bukaera arte garaipena lortzeko aukera izan bada... Gauza askok balio dute. Fikziozko lerro bat jar genezake, ulertze aldera. 10 puntuko langa gainditzen duen porrot oro txarra izanen litzateke. Kopa orain bi aste jokatu zen, eta han 19 puntugatik irabazi zuen Bartzelonak. Bi asteotan hobekuntza benetakoa izan dela ikusteko, alde hori murriztu behar da, eta nabarmen.

Nekearen zalantza

Bai Baskonia, bai Bartzelona, nekeak kaltetuta iritsiko dira partidara. Baskonia lasaixeago oraingo honetan, jokalariek ostegun gauean atsedena hartzeko aukera izan zutelako, sikiera. Bartzelonak Israelen jokatu zuen ostegun iluntzean, eta atzo eguerdian iritsi ziren etxera. Luzapena jokatu zuten, gainera, eta jakina da lauzpabost orduko hegaldi batek lokartuta uzten dituela giharrak luze. Litekeena da, dena den, nekeak batere eraginik ez izatea. Hamabi jokalarirekin jokatzen du Bartzelonak, eta Xavi Pascual entrenatzaileak ezin hobe banatzen du jokalarien minutu kopurua. Alan Andersonek bakarrik gainditu zuen 30 minutuko langa, luzapena jokatu arren. Baskonian partida guztietan gainditzen dute langa hori Huertasek, San Emeteriok eta Teletovicek.

Jokoari dagokionez, esan beharreko guztia esanda dago Bartzelonaren inguruan. Navarro, Anderson, Morris, Erazem Lorbek... saskiratzaile asko eta onak ditu, baina baita langile fin-finak ere: Sada, Roger Grimau... Baskoniari buruz, xehetasun garrantzitsu batzuk: Huertas sasoi puntu onean dago, eta arabarren garaipena gertuago egongo da berak zenbaki onak egiten baditu. Garrantzitsua da, era berean, Oleson eta Baracen ekarpena. Alaskakoak partida ona jokatu zuen herenegun, barneraketa eraginkorrak eginez, eta Baracek zenbaki onak lortzen ditu Bartzelonaren aurka: hamabost puntu eta hamar errebote.

BARTZELONA-BASKONIA

Lehiaketa. ACB ligako 22. jardunaldia.

Bartzelona. Sada, Rubio, Lakovic, Navarro, Perovic, Vazquez, Ingles, Ndong, Morris, Lorbek, Anderson eta Grimau.

Caja Laboral Baskonia. Ribas, Garcia, Buesa, Huertas, Logan, Oleson, Bjelica, San Emeterio, Teletovic, Sow, Batista eta Barac.

Sailkapena. Bartzelona lider da (18-3) eta Baskonia hirugarren (13-8).

Lekua. Palau Blaugrana (7.585 ikusle).

Ordua. 18:00 (Teledeporte).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.