Dimitri Piterman Alaveseko presidente ohiak 6,8 milioi euro ordaindu beharko dizkio klubari, bere agintaldian kudeaketa ekonomiko txarra egin zuelako, Gasteizko Auzitegiaren epaiak dioenez.
2004 eta 2007 artean izan zen Alaveseko buru, eta klubak 25 milioi euroko zorra egin zuen. Hartzekodunen lehiaketara jo behar izan zuen. Kargua utzi ostean, haren kontrako salaketa jarri zuen Alavesek.
Isunaz gain, Pitermanek hamabost urtean, besteak beste, ezingo ditu besteen ondasunak administratu eta ezingo du komertzio arloan aritu. Haren emazte Milanendra Vikramsingh eta Jose Nereo Ruiz Alaveseko presidenteordeak ere inhabilitazio zigor horiek izango dituzte, baina zortzina urtean.
Hirurek Arabako Auzitegian helegitea sartzeko aukera dute.