Sarritan esaten da futbola mundu «eroa» dela. Puztuta dagoen kirola ei da. Eraikuntza arloan gertatu den legez, laster eztanda egin eta orain arte ereindako guztia pikutara joango den ustea dago. Gehiegikeria larregi egin izanaren ondorioa. Gaur egun gaitza da futbola eta bere ingurua definitzea. Kirolaz haratago doa. Gehienentzat negozioa da. Futbolak baino jarraitzaile gehiago dituen beste ezer ez dago. Beraz, dirua inbertitu eta horri etekina ateratzeko aproposa da. Dirua dagoen lekuan, nola ez, ez dira putreak falta izaten. Eta behar den baino gehiago estutzearen ondorioz, berandu baino lehen berdegune guztiak erre egingo diren susmoa dago. Oraingoz ez da horrelakorik gertatu.
Beste askorentzat ikuskizunarekin lotu behar da futbola. Egunerokotasunetik irten eta bizpahiru ordutan gustuko duten kirolarekin gozatzeko aukera eskaini behar du. Gizartea dibertitzeko erabili behar dela. Eta beste batzuek, berriz, sentimenduekin lotzen dute. Azken multzo horretan gizartearen gutxiengoa dago sartu beharra. Eta hala pentsatzen dutenak non aurkitzen diren ikertzen hasita, gehienak Euskal Herrian daudela esan behar da. Athleticen, esate baterako, asko dira harrotasunez Klubak duela mende bat pasa hartu zuen bidea defendatzen dutenak. Hitzez bai, behintzat. Erabakiak hartzeko orduan bestelako kontuak ikusi dira sarri.
Baina badaude salbuespenak. Ondo egon ala ez, ados egon ala ez, Athleticek aurkitu du esaten duenaren eta egiten duenaren artean koherentziari eusten dion presidente bat: Josu Urrutia da hori. Kluba zuzentzeko ardura hartu zuenetik bi zutabe nagusitan oinarritu du bere agintea: ideia nagusia da Athletic ezberdina dela, eta, horrenbestez, gainerako klubetako agintariekin alderatuta ezberdin jokatu behar duela. Hau da, sentimenduek arlo profesionalak adina edo gehiago balio duela. Bigarren zutabea, berriz, notizia gauzatu arte ezin dela berririk eman eskatzen duena da. Egungo futbolean oso zabalduak daude filtrazioak, pista emateak, hedabideetan lagunak egitea premia dagoenerako… besaulkian dagoenari agintzen laguntzen diote kontu horiek, baina mesede gutxi egiten diote Klubaren egunerako funtzionamenduari.
Bi premisa horiek oinarri hartuta hartzen ditu erabakiak Urrutia buru duen lantaldeak. Horrela, ados egon edo ez egon, berez ulertzea gaitza dena ulerterrazagoa egiten da. Oraingoz sendo mantentzen dute euren pentsatzeko era. Agintean daramaten urte eta erdian ez dute zipitzik aldatu hartutako bidea. «Athletic ulertzeko aukera asko daude, baina nik argi daukat zer den Athletic eta nolako Kluba izan behar den. Horren arabera hartzen ditut erabakiak. Ez daukat dudarik hobetu daitekeela, baina sinesten dudanaren arabera hartzen ditut erabakiak», esan zuen Urrutiak. «Guk lehiakor izateko era ezberdin bat aukeratu genuen. Bazkideentzat Athletic da munduko onena. Ez dute beste aukerarik egiten. Askorentzat ulertezina da, baina hala pentsatzen dugunok argi daukagu zer gura dugun», gaineratu zuen.
Javi Martinezek, antza, ez zuen ulertu Urrutiak sustatu gura duena. Jokalariaren inguruak Eurokopa hasi aurretik jakinarazi zion Athletici taldez aldatzeko asmoa zuela. Espainiarekin txapelketa irabazi ondoren, futbolariak berak berretsi zion presidenteari bere ordezkariek aurrez klubeko gerenteari azaldu ziotena. «Nik jokalariengandik entzun gura dut Athleticen jarraitzeko gogoa dutela nahiz eta beste talde batzuek haiengatik interesa agertu, baina Javi Martinezen kasuan ez zen horrela izan». Beraz, futbolari batek Athletic laga ahal izateko lehen baldintza uztailean bete zen. Bigarrena, etete klausulari aurre egitea behar du izan. Hori abuztuko azken egunetan gauzatu zen. Horren harira, Athleticen baimen barik Bayern Munichek jokalariari azterketa fisikoa egin izana salatzea aztertzen ari da Ibaigane. Hala ere, hori gutxieneko kontua da dagoeneko.
Athleticen diru kutxa bete-beteta utzi du Martinezek. Hori gutxi ez, eta fitxaketak egiteko epea itxi aurreko hamabost egunetan egindako operazioa izan zenez, klub zuri-gorriak beste fitxaketa bat egiteko hil bateko epea izango du. Natxo Monreal da taldea indartzeko aukeratutako futbolaria. Gastatzeko diru asko eta merkatu txikia izan arren, Athleticek ez duela «erokeriarik» egingo aurreratu zuen presidenteak.
Javi Martinez auzia betiko itxi dela dirudi. Baina ez da gauza bera gertatu Fernando Llorenteren kasuan. Aurrelariak ez du bere aldeko apustu egingo zuen talderik aurkitu. Normala da, gainera. Kontratua amaitzeko urtebete falta zaion jokalari baten etete klausula osoa ordainduko duenik ez baitago munduan. Hortaz, gogoz kontra, Lezaman jarraitu beharko du. Horren harira, zaleei laguntza eskatu die agintari nagusiak. «Ez dut ulertzen Athleticeko jokalariei txistu egitea. Llorente futbolari garrantzitsua da eta babestu egin behar dugu», adierazi zuen lekeitiarrak. «Bestalde, badirudi futbolariaren erabakiak ez daukala atzera bueltarik, baina guk ateak zabalik ditugu baldin eta gurekin jarraitzea erabakiko balu», gaineratu zuen. Bestalde, euren kontratuen azken urtean dauden Fernando Amorebietaren eta Markel Susaetaren kontratu luzapenak «gertu» daudela ere esan zuen Athleticeko presidenteak.
Pitzadurarik gabekoa
Athleticen sentimendua arlo profesionalaren maila berean jartzearen garrantzia berretsi du Josu Urrutia presidenteakEz du «erokeriarik» egingo fitxatzeko, eta dirua harrobia indartzera bideratuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu