laburrak, esanak, datuak

Platini erietxera eraman dute, ondoezik

Alemaniako olagarroak 'dio' Espainiak irabaziko duela finala.

2010eko uztailaren 9a
07:46
Entzun
LABURRAK

- Platini erietxera eraman dute, ondoezik. Michel Plantini Frantziako selekzioko jokalari ohi eta UEFAko presidentea ondoezik sentitu da Johannesburgon, jatetxe batean afaltzen ari zela, eta erietxe batera eraman dute. Hasieran zabaldu da bihotzekoa izan duela. Ekainaren 21ean 55 urte bete zituen. 1987an utzi zion futbolari izateari, eta UEFAko presidente 2007tik da.

=b- Olagarroak 'dio' Espainiak irabaziko duela finala.=b Paul olagarroak egin du bere pronostikoa finalari buruz: Espainiak irabaziko du eta ez Herbehereek. Alemanian daukate olagarroa, Oberhausengo akuarioan, eta Alemaniaren partidetan nork irabazi beti 'asmatu' du. Alemaniaren partida bakoitzaren aurretik bi muskuilu jarri dizkiote Paul-i, bi selekzioen herrialdeetako banderak dituen kaxa batean. Olagarroak zein muskuilu jan, honen kaxako banderaren selekzioak irabazi. Munduko Kopan beti 'asmatu' du: Argentina, Ingalaterra, Ghana eta Australiaren aurka Alemaniak lortutako garaipenak, eta Espainia eta Serbiaren aurkako porrotak. Finaleko irabazlearen berri eman du gaur.

- Espainiako Gobernuko inor ez finalean. Espainiako selekzioak mundialeko bere lehen finala jokatuko duen arren, Espainiako Gobernuko inor ez da izango Hegoafrikako partida horretan; ez Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea, ez ministrorik. Hurrengo astean Kongresuan estatuaren egoerari buruzko eztabaida saioa dutela-eta lan asko daukatela esan dute.

- Howard Webb ingelesak zuzenduko du finala. Howard Webb Ingalaterrako polizia ohia eta epailea aukeratu du FIFAk igandeko finala zuzentzeko. Sailkapen faseko hiru partidatan aritu da orain arte. Aurretik, besteak beste, Txapeldunen Ligako finala ere epaitu zuen Madrilen. 1974an aritu zen azkenekoz ingeles bat Munduko Kopako final bat epaitzen.

ESANAK

- Arjen Robben (Herbehereetako jokalaria). "Ondo jokatuta bakarrik ez zoaz inora. Mundiala irabaztea da hemen egin behar dena".

- Carlos Marchena (Espainiako selekzioko jokalaria). "Futbolak mundial bat zor digu".

- Xabi Alonso (Espainiako selekzioko jokalaria). "Pozik nago, baina irudipena dut onena iristeko dagoela".

- Joseph Blatter (FIFAko presidentea). "Olinpiar Jokoak antola daitezke Hegoafrikan".

- Johan Cruyff (entrenatzaile eta jokalari ohia). "Bartzelonaren kopia bat da Espainia. Ez dut inorekin eztabaidan sartu nahi. Hierrok dio Espainiak bere estiloa duela, baina Espainiaren estiloa Bartzelonarena da".

DATUAK

- 208 selekzio aritu dira. Aurtengo Munduko Kopan denera 208 selekzio aritu dira. Haietatik 32 aritu dira Hegoafrikan.

- Finaleko sarrera denak, salduta. FIFAk adierazi du Herbehereak-Espainia mundialeko finaleko sarrera guztiak agortu direla. Johannesburgon izango da partida, igandean (20:30), Soccer City estadioan; 94.700 ikusle sartzen dira. Larunbatean kontsolazio finala jokatuko dute Uruguaik eta Alemaniak, Port Elizabethen, eta estadioa betetzeko 2.700 sarrera falta dira saltzeko; 48.000 ikusle sartzen dira estadioan.

- Espainia 27 urtean Herbehereei irabazi gabe. Igandeko finalistek elkarren kontra jokatu dituzten partiden balantzea orekatua da erabat. Bederatzi aldiz aritu dira elkarren kontra, lau partida irabazi ditu bakoitzak eta bat berdindu. Espainiak, ordea, 1983ko otsailean irabazi zien azken aldiz Herbehereei. Urte hartako azaroan galdu egin zuten, 1987an berdindu, eta 2000n eta 2002an ere galdu.

=b- 'Jabulani' baloiak abiadurak arazoak sortzen ditu.=b NASAk egindako ikerketa batek berretsi du orain, aspaldian atezain askok salatu dutena: mundialeko baloiak -jabulani-k- 72 kilometro orduko abiadura gainditzen duenean ezinezkoa dela zer egingo duen jakitea, efektu aerodinamikoarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.