'Pole'-a eta errekorra

Michael Schumacherrek Senna zenak ezarritako 'pole'-en marka apurtu du, eta lehen postutik abiatuko da gaur Imolan

Laurentzi Garmendia
2006ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ayrton Sennaren azken errekorrak jabe berria du atzodanik. Michael Schumacherrek entrenamendu saio ofizialetako denborarik onena egin zuen Imolako zirkuituan, eta sari nagusietan lehen postutik abiatuko den 66. aldia da. Aurretik beste inork sekula lortu gabeko marka ezarri du gidari alemaniarrak.

Ferrariren maila gorabeheratsuari jarraiki, atzo Imolako Sari Nagusirako zirkuituan ezin hobeto moldatu ziren auto gorriak Massak laugarren denbora egin zuen. Bien artean Honda taldeko Button eta Barrichello sartu ziren. Gainerakoek beste estrategia bat hautatu zuten.Itxura guztien arabera, Ferrari eta Honda taldeek hiru geldialdi egitea erabaki dute, eta horrek argituko luke besteei ateratako aldea. Horien atzetik, bosgarren postuan sailkatu zen txapelketako liderra, Fernando Alonso espainiarra. Nahiko atzetik aterako bada ere, Renault autoa oso sendoa da lasterketako itzulietan, eta aurreko guztiek lehenago sartu beharko dutenez erregaia hartzera, podiuma zapalduko du orain ere, seguruenik.

Atzerago daude McLareneko bi gidariak, Montoya eta Raikkonen, zazpigarren eta zortzigarren izan baitziren hurrenez hurren atzoko entrenamendu saio ofizial horietan. Bi gidari horiek Renaulten estrategia berberarekin ari dira, baina oso atzetik ekingo diote gaurko lasterketari, eta irteeran ez badira lehen postuetara gerturatzen, denbora gehiegi galduko dute euren estrategia abantailak ematen hasterako.

Ferrari, loteria moduan?

Aurten talde gorabeheratsurik bada, Ferrari da, zalantzarik gabe, txapeldun horretan. Bahreinen oso azkarrak izan ostean, Malaysian eta Australian atzera egin zuten. Autoak zenbait hobekuntza izan baditu ere, talde horretan erabat zoro dabiltza pneumatikoekin. Gehienetan tenperaturari bota diote errua, baina horren atzean Bridgestoneren erantzukizuna dago. Ez dute bete-betean asmatu pneumatikoekin. Zirkuitu soil batzuetan bakarrik ari dira maila ematen.

Imolan egin ditu Ferrarik azken urteotako lasterketarik onenak, azken zazpi urteetan Schumacher bost aldiz gailendu baita. Huts egin zuen 2001ean, baina beste Schumacher batek irabazi zuen, Ralf anaiak. Iaz Alonsorekin lehia estua izan zuen, baina amore eman behar izan zuen azkenean Renaultekoaren aurka. Edonola ere, Imolakoa Ferrariren pista dela esan daiteke, eta ez da harritzekoa atzo horren ondo ibili izana. Lasterketan ere berdin ariko da ziurrenik, eta gaur beldurrik gabe esan daiteke Michael Schumacher garaipenerako oso ongi kokatua dagoela.Haren aurkari nagusiak Hondako Jenson Button eta Renaulteko Alonso dira. Barrichello ustekabean sailkatu zen hirugarren postuan, itxuraz autora egokitzeko lanak bere lehen emaitzak ematen ari direlako. Baina oraindik ez dago lasterketan Buttonen pare, eta itzuliak osatu ahala atzera egingo duela pentsa daiteke. Nico Rosberg, Fisichella eta Raikkonenek lasterketa bizituko dute atzetik, baina punturen bat lortzea amestu dezakete gehienez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.