Larunbatean abiatuko da Asobal Liga. Portlandek Granollers izanen du lehen aurkaria lehiaketan, eta, norgehiagoka horretarako, oraindik min hartuta diren jokalariak osatzea espero du nafarren entrenatzaile Francisco Javier Zupo Ekisoainek. Etxean jokatuko du Portlandek estreinako partida eta Ekisoainek ez ditu jokoan diren puntuak galdu nahi. Taldeak gaur eginen du aurkezpena, Iruñean.
Abuztuaren 17an hasitako denboraldi-aurrea igandean burutu zuen Portlandek. Ekisoain «kontent» da emaitzekin, baina onartu du oraindik hainbat arlotan hobera egin beharko dutela. Bederatzi partida jokatu dituzte nafarrek eta bakarra galdu, Bidasoaren kontra.
Defentsan egindako lana ontzat eman du entrenatzaileak baina taldea oraindik ez dela sasoi betean azpimarratu du. «Kostatzen zaigu hastea; oraindik gure jokoan hainbat gauza konpondu beharko ditugu ahalik eta etekinik onena lortzeko», nabarmendu du.
Boesse eta Lakenmacher jokalari berriek erakutsitako neurriarekin ere pozik da Ekisoain. «Oso denboraldi-aurre ona egin dute; kalitate handiko jokalariak dira».
Hainbat jokalari min hartuta
Denboraldi-aurrea amaituta, Granollersen aurkako larunbateko partida besterik ez du buruan orain Portlandek. Atzotik Ortigosa eta Rocas taldearekin entrenatzen ari dira, Munduko Junior Txapelketan izan ostean. Ekisoainek, halere, ez ditu jokalari guztiak prest izanen. Jovanovic ez da osatu aurreko denboraldian belaunean izandako lesiotik, eta, Richardson ere, ezin izanen da larunbatean aritu, ukondoan egindako ebakuntzagatik.
Garraldari ere egin diote ebakuntza bizkarrean zituen arazoak zirela eta; denboraldi-aurreko partida guztiak jokatu ditu baina oraindik ez dago sasoi betean. Kisselev eta Iakimovitx ere minduta daude, baina Granollersen aurka ariko dira, ziurrenik.
ESKUBALOIA
Portlandek aurkezpena eginen du gaur; Ligan, Granollers izanen du lehen aurkari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu