Futbola

Portugal, penaltietan, Eurokopako finalerdietara

Lewandoskik (2. min.) eta Renato Sanchezek (33. min.) sartutako golekin, 1-1 amaitu dira arauzko 90 minutuak, eta Portugalek 5-3 irabazi du gero penaltietan.

jarraia124433.jpg
unai zubeldia
2016ko ekainaren 30a
23:54
Entzun

Berdinketaz berdinketa irabaz daiteke Eurokopa? Arauzko 90 minutuetan aurkaria mendean hartu gabe irits daiteke finalerdietaraino? Harrigarria bada ere, bai. Luzapenera iritsi aurreko 90 minutuetan partidarik irabazi gabe dago, oraindik, Portugal, baina finalerdietan da jada. Islandia (1-1), Austria (0-0), Hungaria (3-3) eta Kroazia (0-0). Final-zortzirenetan 117. minutuan sartu zuen gola Quaresmak, Kroaziaren aurka, eta atzo penaltietan iritsi zen Quaresmaren beraren gol erabakigarria (5-3). Bost berdinketa eta bi luzapenekin, Portugal da finalerdietan sartu den lehen selekzioa.

Aurretik, Eurokoparen historiako bigarren golik azkarrenarekin hasi zen partida. Piszczekek pase luzea bidali zion Grosickiri, Cedricek erabat oker neurtu zuen baloiaren botea, Poloniako erdilariak area ertzetik erdiratu, eta Lewandowskik baloia sareetara. Minutu eta berrogei segundo.  Atzoko golak Dimitri Kiritxenko Errusiako jokalariak 2004ko Eurokopan Greziari sartutakoa bakarrik dauka aurretik. Minutu eta zazpi segundo behar izan zituen hark 1-0ekoa lortzeko. Lehen aldiz Eurokopako final-laurdenetara iritsita, hasterako tentsioa sortu zuen Poloniak. Lewandowskik aurreko lau partidetan egin ez zuena egin zuen bi minutuko tartean.

1-0ekoak noraezean utzi zuen Portugal. Lewandowski eta Milik, berriz, kontraeraso azkarrak amaitzeko zorian egon ziren behin baino gehiagotan. Lewandowskik 17. minutuan atzelariak ezinean utzi zituen gerri mugimenduarekin. Eta bost minutu geroago entrenatzaileek arbelan egin ohi dituzten marrazkiak zelaira eraman zituzten poloniarrek. Lewandowskiren errematea bakarrik falta izan zitzaion jokaldiari.

28. minutura arte ez zen agertu Cristiano Ronaldo, baina area ertzetik egindako lehen errematearen ondoren, Pazdanek egindako penaltia eskatu zuen aurrelariak. Argia izan zen. Poloniak bi pauso atzera eman zituen berehala, eta 33.minutuan jaso zuen zigorra. Renato Sanchezek Naniri eman, hark takoiarekin utzi, eta area ertzetik sareetara bidali zuen baloia Bayern Munichek fitxatu berri duen jokalariak. 18 urte besterik ez dauzka oraindik. Kolpea ondo barneratuta, erreakzio polita izan zuen Poloniak, baina banakoarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Portugal, osoago

Eta lehen zatiko ausardia baretuta zelairatu ziren poloniarrak bigarrenean. Eurokopako finalerdiak eskura izanda, galtzeko beldur handiagoa nabari zen zelaian, eta tantaka iritsi ziren arrisku jokaldiak. Cristiano Ronaldok izan zuen lehenengoa, argia, 56. minutuan, baina sarearen kanpoaldera bidali zuen area barrutik egindako jaurtiketa. Cedricek, berriz, area ertzetik gutxigatik bidali zuen ezkerkada kanpora (64. min.). Milik, buruz, Jedrzejczik, bere atean, eta Cristiano Ronaldo, Moutinhoren pasea jasota, partida desorekatzeko zorian egon ziren azken minutuetan.
Baina Portugalek luzapena eta penaltiak behar izan zituen finalerdietan sartzeko. Cristiano Ronaldoren abisuarekin hasi zen luzapena, baina Milikek eta Lewandowskik abisu bana bidali zuten lehen zatian. Golik gabe, penaltien tentsioak askatu zuen korapiloa. Sufrimenduaren bidetik, Europako lau selekziorik onenen artean sartu da Portugal.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.