Pozik, eta triste

Zortea izan du Gescrap Bizkaiak Top 16ko zozketan: Real Madril, Montepaschi Siena eta Unicajaren multzoan egokitu baitaEndesa Ligako bi aurkari izateak distira kentzen dio bizkaitarren kirol arrakastari

Carlos Suarez Real Madrilekoa, eta Alex Mumbru Gescrap Bizkaiakoa, baloiarekin, bi taldeek sasoi honetan Bilbon jokaturiko Endesa Ligako partidan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Aurpegia arimaren ispilua omen. Telebistako kamerek Pedja Savovic Gescrap Bizkaiako presidentearen aurpegia eta keinuak erakutsi zituzten Top 16ko zozketan, eta ez zen alaitasun keinu handi-handirik sumatu. Ez zozketa gaiztoa izan delako. Alderantziz, Bizkaiak eduki zezakeen multzo samurrenetakoan jokatuko du, samurrena ez bada. Savovicen atsekabeak aurkari biren jatorriarekin dauka zerikusi zuzena. Izan ere, Endesa Ligako bi talde izango ditu aurrez aurre, Euroligan ere: Real Madril eta Unicaja.

Euroligako Top 16an kontinente zaharreko talde indartsu gehienak parte hartzen dute, eta horien aurka jokatu beharrean, liga bereko ezagun zaharrak egokitzeak badu bere alde txarra. Zaleengan sor dezaketen erakarpenagatik, batez ere. Bistan da Moskuko CSKAk, Maccabik, Panathinaikosek eta Anadolu Efesek erakarpen handiagoa dutela Unicajak edo Real Madrilek baino. Izenagatik, eta beste liga batzuetakoak direlako. Unicaja eta Real Madrilen aurka sarri jokatuko dute Bilbokoek, bestela ere.

Olympiakos CSKArekin parekatu izanak zapuztu zuen Gescrap Bizkaiak atzerriko taldeen aurka jokatzeko zuen asmoa. Zozketan bi baldintza daudelako: ligatxoan multzo bereko taldeak berriro elkarrekin ez egokitzea, lehenengoa; eta liga bereko taldeak elkarrekin ez egokitzea, bigarrena. Lehen arauak hartzen dio gaina bigarrenari, eta bigarren sailkatuen txandan Atenasko taldea E multzora joan izanak aurreikuspen oro hautsi zuen (ligatxoan multzo berean aritu dira Olympiakos eta Bizkaia). Top 16a gainditzekotan, E multzoko bi onenen aurka jokatuko luke Bizkaiak final-laurdenetan: CSKA, Olympiacos, Anadolu eta Galatasaray daude multzo horretan.

Real Madril



Talentua borborka

Endesa Ligako liderra da, eta bi lehiaketatan jokatutako 22 norgehiagoketatik lau bakarrik galdu ditu. Oso datu esanguratsua da. Pablo Lasori esker, aspalditik nahi zuten dinamika garailean sartu da Real Madril, eta oso talde orekatua du: buruz jantziak dauden joko antolatzaile bi, Sergio Rodriguez eta Sergio Llull. Jaurtitzaile finak eskolta postuan: Jaycee Carroll eta Martynas Pocius. 3 postuan, denetarik. NBAn etorkizun oparoa daukan Kyle Singler, eta Carlos Suarez, erasoko errebotean mina egiteko. Saskipean ere sorta bikaina dauka Lasok: 217 eta 220 zentimetroko bi dorre, Ante Tomic eta Mirza Begic. Borrokatzen nekaezina den Felipe Reyes, eta Espainiako saskibaloi selekzioan Serge Ibaka berari postua ken diezaiokeen jokalaria: Nicola Mirotic abenduko MVP-a Euroligan. Defentsa, errebotea eta joko azkarra dira Real Madrilen ikur, eta ondo jokatzen dutenean, oso eraginkorrak dira.

Montepaschi Siena



Apala baina arriskutsua

Italiako talderik onenak lehen zeukan indarra galdu du. Oraindik talde arriskutsua da, baina ez da Lauko Finala jokatzeko hautagai segurua. 8-2 balantzea lortu zuen ligaxkan, eta banan-banan aztertuta, sekulako taldea du: Bo McCalebb, Rakocevic, Kaukenas, David Andersen, Thomas Ress, David Moss, Shaun Stonerook... Teorian multzoko bigarren postuan beharko lukete, baina edonor menderatzeko gai dira.

Unicaja



Nahi eta ezin

Azalpen sinesgarririk ez daukan taldearen kasua da Unicaja. Talde handien pareko aurrekontua izaten duelako urtero (17 milioi euro sasoi honetan), baina lortutako emaitzak, talde arrunt batenak baino okerragoak. Chus Mateo entrenatzailearekin hobeto ari dira, baina ligatxoan gorabeheratsu ibili dira. Garaipen onak galtzea espero ez zuten partidekin tartekatu dituzte: Fitch, Freeland, Peric, Zoric, Rowland, Valters... Talde ona dute, baina beti falta zaie zerbait. Aukerarik ez dute final-laurdenak jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.