Fenerbahce Ulker 70. Gescrap Bizkaia 80

Presioa atsegin dute

Gescrapek hankapean ibili du Fenerbahce, eta bere esku du Top16a; barruan legoke, etxean Caja Laborali irabazita

Andoni Urbistondo.
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Fenerbahce Ulker. Ukic (11), Onan (6), Gist (11), Bogdanovic (11), Vidmar —hasierako bostekoa—; Jerrells (9), Peker, Savas (2), Tomas (1) eta Preldzic (19).

Gescrap Bizkaia. Jackson (11), Mumbru (9), Banic (10), D'Or Fischer (16), Hervelle (4) —hasierako bostekoa—; Fisher (2), Mavroeidis (3), Vasileiadis (3), Grimau (13) eta Blums (9).

Markagailua. 14-25, 33-44 (atsedenaldian); 50-67 eta 70-80.

Epaileak. Pukl, Ryzhyk eta Vojinovic. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 11.280 ikusle inguru bildu ziren Istanbulgo Sinam Erden pabiloian.

Pauso zailena eman du, eta ez da gutxi. Fedea edukitzea garrantzitsua da, baina Gescrapek atzo Istanbulen irabazi zuen moduan irabaztea posible zela pentsatzen zuena, apaiza gutxienez. Ezerk ez zuelako erakusten bizkaitarrek Fenerbahce hankapean ibil zezaketela. Ez jokoak, ez buruko indarrak, eta ezta Turkiako taldearen sasoi onak ere. Baina ibili egin zuten, eta funtsezkoa zen garaipena lortu. Hori gabe Euroligatik at zeudelako. Presiopean neurri ona ematen duela erakutsi du berriro Katsikarisen taldeak. Gasteizen, Caja Laboralen aurka, irabazteko premia zeukan, eta irabazi egin zuen. Atzo, Turkian, egoera bera eta emaitza bera: garaipena.

Aspaldi ikusi gabeko norgehiagoka jokatu zuen Bizkaiak. Ligako finalean erakutsi zuen kemena erakutsi zuen defentsan, eta zulo guztiak itxi Spahijaren taldeari. Erasoan joko antolatzaileak, Aaron Jacksonek zeukan giltza, eta estatubatuarrak lehen laurden bikaina egin zuen. Bost asistentzia eman zituen, eta hiru falta behartu. Saskibaloiaren oinarri-oinarrira jo zuen Jacksonek: barneraketak egin, eta aurkariaren laguntzak behartuta, asistentzia on bat eman libre geratzen den taldekideari.

D'Or Fischer izan zen taldekide hori. Hamar puntu saskiratu zituen lehen laurdenean, eta horietatik sei saskipean. Eginda emandako puntuak. Mumbruren hiruko on batek lehen alde ona eman zien bizkaitarrei, 6-13, eta hutsartea eskatu behar izan zuen Spahijak. Alferrik. Janis Blumsek zortzira handitu zuen aldea, eta Roger Grimauren kontraeraso polit batek hamaika puntura: 14-25.

Erauntsia Istanbulen, eta Fenerbahcek zer egin ez zekiela. Jokaldi guztiak ondo ikasita zituelako Bizkaiak, eta sistema oro gauzatzen hasi aurretik kamustu. Buruz buru jokatu beste erremediorik ez zuten izan etxekoek, baina oztopo asko bilatu zituzten. D'Or Fischerren beso luzeek beldur handia eragiten dutelako. Roger Grimauk aho bete hortz geratzeko moduko saskiratze onak lortu zituen, bere gorputza baliatuz, eta D'Or Fischerren hamalaugarren puntuak egoera pentsaezina ekarri zuen: 20-33, euskaldunak nagusi.

Etorri behar zuen erreakzioren batek, Fenerbahcek, A multzoko talde onenak, ezin zuelako halako astindurik sufritu. 0-7ko partziala izan zen erantzuna, Gist eta Emir Predzlic buru zirela. 27-33, eta lanera berriro. Katsikarisen haserrearekin, hori bai. Haserrea eraginkorra izan zen, atsedenaldian 11 puntura handitu baitzuen aldea Bilboko taldeak, Blumsek azken segundoan zorte apur batekin sartutako hirukoari esker: 33-44.

Aldageletako buelta dotorea

Giltzarri izan behar zuen hirugarren laurden hasierak, eta hala izan zen, baina bizkaitarren mesedean. Piztuta, sutan bueltatu ziren aldageletatik, eta partida txikitu zuten. Blumsen hirukoa, hirukoa zirudien, baina bikoa izan zen Hervelleren sei metroko beste bat, eta Jacksonen beste hirukoa jabetza bukatzear zegoela. 0-8ko partziala minutu eta erdian, eta akabo norgehiagoka: 33-52 bizkaitarrentzat. Garaipena eta bi taldeen arteko puntu aldea ere esku-eskura zituen Bizkaiko taldeak, eta garrantzirik gabeko akats, edo intentsitate falta keinu batzuk izan ezik, arazorik gabe eutsi zioten altxorrari beltzekoek.

Kalkulagailuak, algebra, matematika, deribatuak eta gogoratzen dituzuen formula guztietan pentsatzen hasi behar da orain. Lau talde bost garaipenekin berdinduta daude. Garaipen bat gutxiago dauka Bizkaiak, baina Miribillan hartuko du Caja Laboral. Atzo egindakoa eginda, latza litzateke etxean kale egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.