Futbol profesionalean gaitza da gozatzea. Lehia guztiak oso parekatuak dira. Kontu txikiek erabakitzen dituzte neurketa gehienak, eta dena eman ezean, ezinezkoa izaten da partidak irabaztea. Athleticek ez ditu irabazten, behintzat. Zuri-gorriek bihotz eta arima jokatu behar izaten dute emaitza onak lortzeko. Ondorioz, sufrimendu handiko neurketak izaten dira gehienak. Caparrosen mutilek ez dute neurketak bizpahiru goleko abantailarekin irabazteko gaitasunik. Oso ondo jokatzen duen apurretan ere sufritzea tokatzen zaio. Vila-Realen kontrako partida da adibide garbiena.
Horrenbeste sufrimendu eta tentsiorekin ez da erraza gozatzea. Jokalari eta teknikarien buruek ere nabarituko dute hori. Beraz, eurentzat da garrantzitsua lantzean behin futbolarekin dibertitzea. Umetan egiten zuten legez. Bada, Werder Bremenen kontra jokatuko duten neurketan aukera ona dute futbolak ematen dituen aukerez gozatzeko. Ez dirudi zelai gainean pentsatzeko denbora asko izango dutenik bizitzen ari direnaren gainean hausnarketa egiteko. Horretarako, oso partida erosoa izan beharko luke talde bizkaitarrak. Ez dirudi horrelakorik gertatuko denik. Seguruenik, kontrakoa gertatuko da. Alemaniarrek lehen minututik erakutsi gurako dute euren indarra. Talentua ere ez zaie falta, gainera. Beraz, jokoaren arlo guztietan egon beharko dute adi lehoiek. Sevillaren kontrako neurketan erakutsitako seriotasun eta kontzentrazio falta errepikatzen badira, zakua golez beteta bueltatuko da etxera. Baina Athleticek badaki lehiakorra izaten. Une latzetan bere onena ematen ere bai.
Lerro guztiak elkarren ondoan egonez gero eta presioan asmatuz gero, ezustea emateko aukera izan dezake Caparrosen taldeak. Alemanian ez galtzea aurrerapauso itzela izango litzateke ligaxkako bi onenen artean sailkatzeko. Athletic hiru puntuekin bueltatzen bada, berriz, eskura izango du txartela. Baina ez da komeni itsutzea. Werder Bremen da faboritoa partida irabazteko. Athletic baino talde hobea da -zale askok ez dute gustuko horrelako kontuak entzutea eta irakurtzea- eta etxean jokatzen du. «Talde ona da. Atzelariak oso garaiak eta indartsuak dira. Aurrean, berriz, oso jokalari onak ditu», adierazi zuen Xabi Castillok. Pizarro, Marin eta Ozil dira jokalaririk arriskutsuenak.
Athleticek ondo pasatzea izan behar du xede. Baliteke taldeko jokalari beteranoenentzat horrelako zelai batean jokatzeko azken aukera izatea. Gazteenek, berriz, denboraldi asko izango dituzte Europan jokatzeko borrokan aritzeko, baina talde zuri-gorriak azken denboraldiotan izan dituen helburuak kontuan hartuta, asko aldatu beharko dira gauzak etorkizuna lasaiagoa eta emankorragoa izateko. Horregatik aprobetxatu behar dute aukera hasiberriek ere. Baita Weserstadion futbol zelaiko harmailetan egongo diren zale zuri-gorriek ere. Sekula huts egiten ez duten horiek, hain zuzen ere. Gaur ere ikusiko eta entzungo zaie. Txapela kentzeko moduko jarraitzaileak baitira. Txapeldunen Ligako maila dute.
Caparrosek ez omen dauka ezer ezkutatzeko asmorik. Entrenatzaile espainiarrak oso gutxitan erakusten du partida bakoitzean hasieran zelairatuko duen hamaikakoa, baina badirudi oraingoan ez diola larregi axola Thomas Schaafek bere asmoen berri izatea. Beharbada, ez diolako kasu handirik egingo. Alemaniarren entrenatzaileak badaki Llorentek jokatuko duela, eta hori izango da haren kezka nagusia.
Esperientziaren alde
Europan orain arte izan duten lehia gogorrenerako esperientziaren alde egingo du Caparrosek. Atzean, Ocio eta Castillo sartuko dira. Ez dute asko egin beharko joan den larunbatean euren partez jokatu zutenek baino lan hobea egiteko, baina eurak zelaian egon direnean ere ezin daiteke esan gauzak askoz hobeto egin direnik. Bata zein bestea gogor kritikatu dituzte. Zelai erdian Javi Martinezek eta Yestek izango dute Athleticen jokoa antolatzeko ardura. Basauritarrarekin baloiaren jabetza handiagoa eta futbolean jokatzeko orduan koherentzia handiagoa izatea gura du Caparrosek. Ezkerrean Gabilondo ariko da, eta David Lopez da eskuinetik jokatzeko hautagai nagusia. Entrenatzaileak Gurpegi ere probatu zuen eskuin hegalean, baina ez dirudi aukera egokiena denik. Aurrean ohikoek jokatuko dute: Llorentek eta Toquerok. Aurkarien artean, berriz, Ozil, Marin, Frings eta enparauak aurkituko ditu talde zuri-gorriak. Werder Bremen Bundesligako laugarrena da gaur egun, eta UEFAko azken txapeldunordea eta Alemaniako Kopako txapelduna. Ez da gutxi.
Prestigioa du gozokiak
Athleticek lehen minututik azkenera arte gozatu behar du gaur Werder Bremenen kontrako partidarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu