Puntu bat eta txapeldun

Itxakok berdinketa nahikoa du gaur Bera Beraren aurkako derbian, ABF liga hirugarrenez irabazteko

Nerea Pena Itxakokoa, jaurtitzear, lehen itzuliko derbian. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Atseden hartzeko denborarik ez du Itxakok. Larunbatean Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoan Gyoriren aurka garaipen garrantzitsua lortu eta gero (26-21), gaur Liga irabazteko aukera eskura du Lizarrako taldeak. Bera Beraren aurkako derbia jokatuko dute nafarrek, Donostian (19:00). Berdinketa nahikoa du Ambros Martinek zuzendutako taldeak txapela jantzi ahal izateko. Denboraldiko hirugarrena izanen litzateke, Espainiako Koparekin eta Superkoparekin batera, eta Ligako hirugarren txapela jarraian.

Dena du alde Itxakok Liga irabazteko. Sasoi osoan erakutsi du bere nagusitasuna txapelketa horretan, eta, denboraldiaren azken txanpan ere, nafarren jokoak ez du behera egin. Larunbateko Txapeldunen Ligako partida izan zen horren adibiderik argiena. Hasiera txarrari buelta emateko nahikoa izan zuten defentsa estutzea. Aurkaria ezustean harrapatu zuten, eta garaipena poltsikoratu zuten. Ligan joko bera erakusten badute, zaila izanen da Bera Berarentzat aurkaria mendean hartzea.

Txapeldunen Ligako finalerdietako itzulikoaren atarian, pizgarri ezin hobea izanen litzateke Itxakorentzat Ligako txapela irabaztea. Konfiantzarekin ari dira Ambrosek entrenatutako jokalariak, baina garaipen horrek bultzada handia emanen lioke taldeari, orain arte bere partidarik garrantzitsuena eta erabakigarriena izanen denari aurre egiteko.

Burua Ligan

Bera Berak ez dizkio gauzak erraztuko Itxakori. Elx taldearen aurka galdu egin zuten donostiarrek azken jardunaldian, 30-29, haren pistan, eta, ondorioz, garaipena nola edo hala lortu nahiko dute etxean. Ezin dizkiote jokoan diren puntuei ihes egiten utzi. Bere pistan aurkari gogorra eta zaila da Bera Bera, eta hori ederki daki, bertzeak bertze, Eldak. Donostian galdu egin zuen duela gutxi bigarren sailkatuak, eta porrot horrek are eskurago utzi zion Liga Itxakori.

Lizarrako taldeak, beraz, kontuz ibili beharko du gaur. Lana ez dago, inondik inora, egina oraindik, eta hori kontuan izan beharko dute nafarrek. Gehiegizko konfiantza Ambrosen jokalarien aurkari bilaka daiteke. Burua Ligan jarri beharko dute, txapela lehenbailehen erabakitzeko asmoarekin, eta Txapeldunen Liga ahaztu. Itxakok partida serioa egiten badu eta defentsan ohi bezala aritzen bada, zaila izanen da, hala ere, txapelak ihes egitea nafarrei.

Lortuz gero, argi dago lasaiago egin ahal izanen dutela Lizarrako taldeak Hungariarako bidaia.

Txapela gaur lortzeak aukera emanen lieke bihartik aurrera Txapeldunen Ligaz bakarrik arduratzeko. Itzulikoan bost goleko aldea izanen du Itxakok, baina horrek ez du erran nahi, inondik inora, kanporaketa erabakita dagoenik. Esperientzia eta kalitate handiko taldea da Gyori, eta igandean, gainera, zaleak izanen ditu alde. Itxakok gogor egin beharko du lan, eta anitz sufritu, finalerako sailkatzeko. Sufritzeko gaitasuna baduela erakutsi dute Lizarrakoek, eta aurrera egiteko gogoa dutela ere bai. Ikusteko dago nahikoa izanen ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.