Athleticen egoera bitxia da. Liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla, jaisteko postuetatik zazpi puntura dago. Azken bi neurketak irabazita, 40 puntu batu ditu. Beraz, argi gorria itzalita dagoela esan daiteke. Horrek, ordea, ez du esan gura etxeko lanak eginda daudenik. Athleticek ez dio matematikoki eutsi mailari. Puntu gehiago behar ditu erabat lasaitzeko. Puntu bat, bi edo gehienez hiru. Baina puntuak batzen jarraitu beharra dauka. Gaur sekulako aukera du Molinonen Espainiako Kopako finala -azken 24 urteetan zale zuri-gorrien artean ilusio gehien sortu duen partida- behar den moduan prestatzeko, Sporting baita zuri-gorrien erreferentzia. Manuel Preciadok zuzentzen duen taldea da mugarria. Horregatik, gaur ez galtzea nahikoa da aurrerantzean beste kontu batzuetan pentsatzen hasteko. Gutxienez zazpi puntuko aldearekin jarraituz gero eta bi taldeen arteko lehian irabazle izanda nekez hartuko baitio aurre Sportingek geratuko diren lau jardunaldietan -Numantziak eta Recreativok are eta aukera gutxiago dute zuri-gorriak harrapatzeko-. Berdintzea emaitza bikaina izango litzateke, eta erabakigarria hiru puntuak eskuratzea. «Oraindik ez daukagu dena egina. Pauso bat falta zaigu, eta sarri askotan azken pausoa ematea izaten da gaitzena», esan zuen atzo Joaquin Caparrosek.
Baina txarrenean ipintzea ere komeni da. Badaezpada. Izan ere, Sportingek Lehen Mailan jarraitzeko behar dituen hiru puntuak lortzen baditu, erabat aldatuko da zuri-gorrien egoera. Astelehenean gertuago egongo dira jaisteko postuak. Kasurik onenean, sei puntura. Txarrenean, laura. Ezin, beraz, lasai lo egin. Ezin Bartzelonaren aurkako partida behar den moduan prestatu. Edo bai? Inork ez baitaki zein asmo duen Caparrosek.
Molinon gustuko zelaia da talde zuri-gorriarentzat. Emaitza on asko eskuratu ditu Athleticek zelai hori bisitatu duen azken aldietan. Azken oroitzapen gogoangarria Kopako finalerdietarako txartela lortu zuenekoa da. Jokalarientzat ez ezik, zaleentzat ere gustukoa da Molinon, batez ere Euskal Herritik gertu dagoelako. Horregatik, nahiz eta sarri askotan arazoak izan Sportingeko zaleekin, asko dira autoa hartu eta Gijonera abiatzen direnak. Horrek ez du esan gura gaurko neurketa erraza izango denik. Etxeko taldearentzat hil edo biziko neurketa da. Ezin du gehiago huts egin. Ondorioz, ez zaio motibaziorik eta garaipen goserik faltako. Harmailetan ere giro beroa espero da, Sportingek jarraitzaile fidelak dituelako. Onean eta txarrean taldea animatzeko prest daude.
Bi taldeen egoerak zerikusia izan dezake zelaian ikusiko dena aztertzeko orduan. Sportingek, puntu premia duen taldeak, neurketa hasi aurretik izango duen tentsioa ondo bideratzen badu, helburua lortzeko aukera ona izango du. Bestalde, ez bada gai urduritasunari aurre egiteko, aurkariak izango du neurketa kontrolatzeko aukera. Athletic da, hain zuzen ere, aurkariaren ezinegona baliatzen ahalegindu behar den taldea. Zuri-gorriek inork baino hobeto dakite zein gaitza den taldea egoera larrian dagoenean jokatzea. Horrelako egoeretan aukerarik garbiena huts egiten da, eta akats txikiena huts larri bihurtzen da. Beraz, lehen minutuetan Sportingen erasoko jokoari eutsi eta neurketak aurrera egin ahala egoera bere alde jartzen ahalegindu behar da Caparrosen taldea. Horretarako, garrantzitsua izango da lasai jokatzea, baina inolaz ere erlaxatuta. Kontzentratuta jokatzea beharrezkoa izango da punturen bat eskuratzeko.
Bi debut astebetean
Caparrosek ez du txandatzerik egin denboraldia hasi zenetik. Ez omen du beharrik izan. Ligaren azken txanpan, gainera, lehiaketak berak eman dio aldaketak egiteko aukera. Txartel pilaketak eta lesioak tarteko, aspaldian hamaikakorik errepikatu ezinda dabil entrenatzailea. Molinonen ere ohikoak ez direnetatik gutxienez bi zelairatu beharko ditu. Oraingoan zelai erdian du arazo gehien, Racingen kontra hasieratik aritu ziren lau jokalarietatik hiruk ezin izango baitute jokatu. Euskarrian Adrien Goñi eta Javi Martinez izango dira Yesteren eta Orbaizen ordezkoak. Iruñeko erdilariak, beraz, debuta egingo du lehen taldearekin. Goñik 20 urte baino ez ditu, baina haren ekarpenarekin pozik daude Lezaman, baita Caparros ere, bestela ez baita erraza ulertzen besteak beste Garmendia, Muñoz eta Gurpegiren aurretik zelairatzea. Gozo daude jokalari beteranoak. Bestalde, Caparrosek ez du aurreratu gura izan zein jokalari aukeratu duen David Lopezen partez jokatzeko. Baliteke Del Olmo izatea.
Puntu gehiago behar dira
Athleticek gutxienez puntu bat eskuratu behar du gaur Sportingen zelaian, Espainiako Kopako finala lasai prestatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu