Puntuak nahi dituzte

Lehen hiru jardunaldietako norgehiagokak galdu ostean, sasoiko lehen partida irabazi nahi dute gorritxoek Mallorcaren aurkaAzken postuan dago Osasuna, eta bigarren Joaquin Caparrosen taldea, zazpi punturekin

Puntuak nahi dituzte.
Iruñea
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ez da hil edo biziko norgehiagoka, denboraldia hasi besterik ez baita egin. Halere, eta entrenatzaileak zein jokalariek lasaitzeko mezua zabaldu nahi izan duten arren, nabaritzeko modukoa da taldearen inguruan sasoiko lehen puntuak batzeko presa. Ingurukoak urduri nahi baino lehenago jartzea nahi ez baldin badute, lehenbailehen partidak irabaztea komeni da, inori ez baitzaio gustatzen sailkapeneko azken postuan egotea.

Jose Luis Mendilibarrek aurkaria laudatu zuen atzo. «Mallorca talde handia da. Jokalariek une oro badakite zer egin behar duten zelaian, eta ez dira inoiz urduri jartzen. Horregatik, partidan aurrea hartzea lortu arren ere, ezingo dugu arreta galdu, haiek lanean jarraituko baitute lasai asko». Gainera, denboraldia hasiz geroztik etxean jokatu duen partida bakarrean Bartzelonaren aurka itxura ona eman baldin bazuen ere, Osasunako entrenatzailea ez da fio: «Aurkaria Mallorca delako, Bartzelonaren aurkako partida baino errazagoa izango dela uste du jendeak, baina aurrean izango dugun taldea Bartzelonaren taldea baino hobea ez izan arren, partida hura baino zailagoa izan daiteke hau».

Partidaren zailtasunaren jakitun, Mendilibarrek esan zuen irabazten ez bada gutxienez berdinketa lortzea txarra ez dela izango. «Berdinketa txarra dela esan ohi dugu, eta argi dago irabazteko asmoz zelairatuko garela. Baina sasoi amaieran puntu baten gorabeheran lortzen dira helburuak gehienetan; puntu bati esker iristen zara Europan lehiatzera edo puntu baten erruz galtzen duzu maila». Horregatik aitortu zuen bizkaitarrak berdinketak ere tarteka «onak» direla. «Partida ikusi eta gero esan beharko nuke berdinketa ona edo txarra den, baina galtzea baino hobea da berdintzea, beti».

Etxaide, Masud eta Manu Omwu. Hiru jokalari horiek geratu dira deialditik kanpo entrenatzailearen erabakiz, eta Alejandro Arribas erdiko atzelaria eta Patxi Puñal ere ez daude aukeratuen zerrendan, zigortuta baitaude biak. Partida honetarako inor min hartuta ez dagoenez, beste hogei jokalariak sartu ditu deialdian Mendilibarrek, eta gaur erabaki beharko du zein bi jokalarik ikusi beharko duten partida harmailetatik begira.

Hasierako hamaikakoan derrigorrean egin beharko du aldaketa bat Mendilibarrek; Taxoareko aste osoko lana aztertuta, Mallorcaren aurka Arribasen tokian Lolo ariko dela dirudi. Aldaketa bat baino gehiago ere izan daiteke, dena dela. Zelai erdian Puñalen tokian Annan jarri zuen azken norgehiagokan, baina bere herriko selekzioarekin izan da Ghanakoa azken egunetan, ia ez du taldekideekin entrenatzeko aukerarik izan, eta baliteke Mendilibarrek Oier edo Timor nahiago izatea hura baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.