Lanaren arriskuak dira». Horixe dio Mikel Odriozolak (Errenteria, Gipuzkoa, 1973) lehiatu den azken bi txapelketa garrantzitsuetan bizitakoa gogoratuta. Orain bi urte, Berlingo Munduko Txapelketan, proba amaitu zuen, baina bukatu bezain pronto ospitale batera eraman zuten, zorabiatuta. Susto ederra hartu zuen. Horregatik ez zituen beharrezkoak baino arrisku gehiago hartu iaz Bartzelonan, Europako Txapelketan. Ondoezik sentitu bezain laster erretiratu zen.
Ez dira ez aurrekari onak, baina bost axola hori Odriozolari. «Txapelketa guztiak dira ezberdinak», aitortu du. Horregatik dago «konfiantzarekin» bihar Daegun hasiko den Munduko Txapelketari begira. Horregatik, prestaketa «ondo» joan delako eta emaitzek «lagundu» egin dutelako —Espainiako Txapelketa irabazi zuen seigarrenez, martxoan—. Irailaren 3an, 08:00etan du bere proba —01:00etan Euskal Herrian—, 50 kilometrokoarekin. Urteroko lehia du, 1998tik hona jokatu diren lehiaketa garrantzitsu guztietan aritu baita, 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan izan ezik: sei Munduko Txapelketatan—zazpigarrena du Daegukoa—, lau Europako Txapelketatan, bi Olinpiar Jokoetan…
38 urterekin eta bizkarrean ia hogei urteko ibilbidearekin, inork baino hobeto ezagutzen du bere burua. Badaki zer komeni zaion eta zer ez. Bera da bere kirol ibilbidearen arduradun, eta ohituta dago erabakiak hartzera: 23 urterekin jaioterria utzi zuen, Sant Cugat del Vallesko (Herrialde Katalanak) Goi Errendimenduko Gunera joateko; zortzi urte geroago, 31 urterekin, etxera itzuli zen; 35 urterekin, Reala bere betiko taldea utzi zuen, haren jaioterriko taldearekin aritzeko. Azken erabakia iaz hartu zuen. Josep Marin azken hamalau urtean haren entrenatzaile izandakoarekin aritzeari utzi zion. Horretan ere gertuko baten alde egin zuen, Jon Esturo itziartarraren alde. «Elkarrekin egin genuen entrenatzaile ikastaroa, eta lagun minak egin ginen. Etxekoa da kasik. Marinekin oso gustura aritu naiz, eta asko zor diot, baina uste nuen zerbait berria behar nuela, pizgarri bat. Eta uste dut Jonekin lortu dudala».
Entrenatzaile aldaketak prestaketa aldaketa ekarri ohi du, eta Odriozolaren kasuan hala gertatu da. Sasoi hasiera indartsu hasi zuen, martxoan baitzuen denboraldiko lehen erronka, Espainiako Ibilketa Txapelketa, Benicassimen (Herrialde Katalanak). Han banatuko ziren aurreneko txartelak Daegurako, eta berak bat nahi zuen kosta ahala kosta. Esan eta egin. Helburua bete zuen, ondo bete ere, txapeldun izan baitzen seigarren aldiz. «Lasaitu ederra hartu nuen. Batetik, Munduko Txapelketarako sailkatu nintzen;eta bestetik, Espainiako Federazioaren diru laguntza ziurtatu nuen, erabakigarria ibilketan jarraitu ahal izateko. Diru laguntza hori ziurtatu ez banu, orain ez nintzateke hemen egongo. Hain zen kezkagarria nire egoera, atletismoa utzi behar nuela barneratzen hasia nintzen».
Prestaketa berezia
Martxoan jada Daegurako tokia lortuta, Odriozolak atseden hartzearen alde egin zuen. Hala, ia hiru hilabete egin zituen etxean, «lasai-lasai, aspaldiko partez familiarekin hamaika plan egiten».Horretan datza aldaketa handiena aurreko urteekin alderatuta. «Aurreko urteetan nahiko justu iristen nintzen urteko lehiaketara. Aurten, ordea, atseden gehiago hartu dut; gehiago eta hobeto».
Ez da izan Odriozola-Esturo bikoteak prestaketan egindako aldaketa bakarra. Sant Jordin (Balearrak, Herrialde Katalanak) egonaldia egin dute Daegura joan aurretik. Han, Marcel Caufriez mediku belgikarrarekin aritu dira lanean. «Denbora daramat Caufriezen zenbait kolaboratzailerekin lanean, eta azken txanparako harekin zuzenean lan egitea erabaki genuen», zehaztu du. Mediku belgikarra espezialista da arnasketaren alorrean, eta, hain zuzen ere, hori landu dute gehienbat egonaldian: sabelaldeko gimnastika hipopresiboa, oxigeno bidezko arnasketa alderantzizko anda batean... «Oxigenoaren kontsumoaren nibelak hobetzea eta metodo naturalekin hematokritoaren balioak optimizatzea; horixe da bilatu nahi izan duguna».
Prestaketa berezi horrek helburu jakin bat du: sasoiko iristea. Eta hori lortuta? «Lehen zortzi sailkatuen artean egon nahi dut. Hori lortuta, tokia ziurtatuko nuke Londresko Olinpiar Jokoetarako». Aurkariei dagokienez, aldaketa gutxi dago, betikoak baitira: «Txinatarrak, australiarrak, errusiarrak, frantziar bat...». Argi du bere estrategia: «Pausoz pauso joan, nire erritmora, besteek egiten dutenarekin itsutu gabe».
Horrela, urratsez urrats egin nahi du ere bere kirol ibilbidearen azken txanpa. «Pekinen erabaki nuen pausoz pauso joango nintzela: lehenbizi, Berlin; gero, Bartzelona; eta gero gerokoak...». Noiz arte? «Auskalo». Badu non begiratu, Jose Angel Garcia Bragado espainiarra Daegun ariko baita 42 urte betetzear. «Ez dut baztertzen horretara iristea. Puska baterako badut».
Puska baterako badu oraindik
Mikel Odriozola zazpigarrenez ariko da Munduko Txapelketan. 38 urterekin, eta bere ibilbidearen hondarrean, ilusioari eusten dio oraindik orain. 2012ko Londresko Olinpiar Jokoak ditu akuilu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu