Sebastian Vettel. Red Bulleko gidaria eta jarduneko txapelduna

«Q3a hasi eta berahala jabetu naiz ez genuela 'pole'-a lortzeko erritmoa»

Azken lasterketan 'pole'-a eta garaipena lortu zituen, baina Espainiako Sari Nagusiko sailkatze saioan ezustean galdu du abiadura, eta zazpigarren postutik irtengo da gaur.

Laurentzi Garmendia
Bartzelona
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Oso azkar doa guztia Sebastian Vettelen bizitzan (Heppenheim, Alemania, 1987). Inoizko txapeldun gazteena bilakatu zen, eta iaz lorpen hori berritu zuen. Aurten, ordea, erregetza galdu du, eta bizitza berri horretara ohitu beharrean izan da. Aldakorra da 1 Formula aurten, Vettelen azken bi lasterketek erakusten duten bezala. Txapelketak ez dira irabazten pole-ak lortuta, baina badira zerbaiten erakusle. Atzo Vettel zortzigarren izan zen, pole-tik urrun. Pneumatikoak gorde zituen, lasterketan pentsatuz.

Hirugarren saioan ez duzu itzulirik osatu, pneumatikoak gordetzeko asmoz. Noiz hartu duzu erabakia? Goizetik erabakita zeneukaten edo sailkatzean erabaki duzue?

Helburua pole-a lortzea zen! Ez, ez, ez dugu erabaki horrekin hasi eguna. Baina Q3an, hirugarren sailkatze saioan, itzulia hasi eta ia berehala ohartu naiz ez genuela pole-a lortzeko erritmoa. Uste dut erabaki egokia hartu dugula Q1ean, azken unean pistara aterata eta ahalegin bakarra erabiliz Q2ra igarotzeko. Q1ean eta Q2an pneumatiko joko bakarra erabiltzea zen asmoa, eta horrela Q3an sartzea. Baina Q2an lehen txanda ez da izugarrizkoa izan, eta beste pneumatiko joko bat erabili behar izan dugu Q3ra pasatzeko. Azkenean, hala izan da, Q3an sartu ahal izan garelako, baina ez zait pneumatiko gehiago gelditu. Hortik aurrera, pole-rako lehian sartu ordez, posiziorako lehian sartu gara Mercedesekin, haiek ere asmo bera baitzuten [denborarik markatu gabe postua lortzea]. Horregatik atera naiz lehenbailehen, helmuga marra zapaldu eta hala denborarik egin ez dutenen artean lehena izateko. Gero Nicok [Nico Rosberg Mercedeseko gidari alemaniarra] denbora egin duela ikusi dugu, eta denbora hori hobe genezakeela uste bagenuen ere, azkenean, ez irtetea erabaki dugu. Horrela, behintzat, bi pneumatiko joko berri ditut lasterketarako. Beraz, badugu aukera bat baino gehiago lasterketarako, eta hori aztertzeko denbora hartu beharko dugu. Zalantzarik ez da, ordea, ez genuela pole-a lortzeko nahiko abiadurarik.

Goizeko saio libreetan denbora onena egin ostean, nola da posible bi ordu geroago hainbeste egitea atzera?

Bai, nolabaiteko ezustekoa izan da guretzat ere. Ez dakit oso ondo zergatik galdu dugun hainbeste arratsaldean, geure buruarekiko gainera. Argi hitz eginda, orain arte autoaren inguruan baikor ginen, bai ostiralean eta baita larunbat goizean ere, baina geneukan guztia ordu pare batean lurrundu egin dela dirudi.

Lasterketa nahi baino atzeragotik hasiko duzu, baina Kimi Raikkonenek bigarren amaitu zuen Bahrainen, 11. postutik irtenda. Horrek nolabaiteko itxaropena sortzen al dizu gaurko lasterketari begira?

Ez askorik. Ez da inoiz erraza hain atzetik atera eta postuak irabaztea. Guztion asmoa da lehen postutik irtetea lasterketan, eta Raikkoneni aukera emanda, hark ere lehen postutik atera nahiago izango zuen. Han eta hemen egoera ez da berdina: han, lehen postuaren bila joan ginen, eta, hemen, lasterketarako pneumatikoak gordetzea erabaki dugu. Pneumatiko sorta berri batek aukera gehiago ematen ditu lasterketan, malgutasun handiagoa ematen du estrategia bat edo beste gauzatzeko. Horretaz baliatzen saiatuko gara.

Mugellon egindako probak talde batzuek hobeto aprobetxatu zituzten? Ferrarik gora egin du ordutik hona.

Ez dut uste beste talde batzuek Mugelloko saioak guk baino hobeto aprobetxatu dituztenik. Uste dut talde guztiek izan zutela zeregin asko han, etxeko lan asko zituztela egiteko. Gainera, Mugello eta zirkuitu hau erabat desberdinak dira, hasteko. Eta, bestalde, hemen Ferrarik egin duenak ustekabean harrapatu ditu gehienak. Ostiraleko bigarren saioko denborak eta sailkatzekoak ikustea besterik ez dago. Baita sailkatze aurreko saio librea ikusita ere. Arazoren bat izan dutela uste dut, baina horrekin ere oso zaila zen Ferrarik hain sailkatze ona egingo zuela asmatzea. Ez dut uste Mugellon egindako lanaren eragina izan denik.

Gaurko lasterketako estrategiari dagokionez, zenbat geldialdi egingo dituzuela uste duzu?

Ez daukagu erabakita, ikusiko dugu. Euririk egiten ez badu, bi aukerak ditugu: pneumatiko bigunekin hasi eta ondoren gogorretara aldatu, edo gogorrekin hasi eta ondoren bigunetara aldatu. Hori aztertu behar dugu, patxadaz, gauzak oso ondo aztertuta. Geldialdi kopurua? Bada, bi baino gehiago izango dira, eta bost baino gutxiago. Hiru eta lau artean izango dira ziurrenik. Uste dut talde guztiok tarte horretan mugituko garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.