Osasunarentzat 2007-2008 denboraldia trantsizioko denboraldia izango dela gero eta argiago dago. Patxi Izko presidenteak esan zuen lehendabizi, eta Jose Angel Ziganda entrenatzaileak atzo emandako prentsaurrekoa entzunda ere horixe ondoriozta daiteke. Kalitaterik ez zaio falta Iruñeko taldeari, baina elkar ondo ezagutzea eta talde itxura hartzea falta zaio Zigandaren taldeari oraindik. Denbora da gakoa. Baina gorritxoek ezin dute pentsatu denboraldi honetan jada ezer jokoan ez dutenik. Lehen Mailan jarraitzea da Osasunarentzat gauzarik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, eta lehia horretan lo hartzerik ez dute nafarrek. Osasuna bezain talde apala da gaur arratsaldeko aurkaria: Racing. Baina azken urteetan egindako lanaren fruituak jasotzen ari dira gaur egun Santanderren (Espainia), eta ez da partida erraza izango nafarrentzat. Sailkapenako seigarren postuan da Racing, gorritxoek baino bederatzi puntu gehiago dituzte, eta barruan duten guztia eman beharko dute Osasunako jokalariek Marcelinoren taldea mendean hartzeko. Dena dela, Nafarroako Erresuman jokatu behar dituzte gorritxoek lehen itzuliko azken partida eta bigarren itzuliko lehendabizikoa -gaur zortzi, Athleticen aurkako derbia-, eta orainartean baino sendoago agertu nahi dute nafarrek beren zaleen aurrean.
«Racingek oinarri ona zuen iragan denboraldian, eta fitxaketa onak egin ditu sasoi honetan, gainera. Oso talde sendoa da, eta batzuetan besteetan baino dotoreago eta alaiago jokatuko du, baina beti talde trinko baten itxura ematen du Racingek. «Merezi duelako dago dagoen tokian», esan zuen atzo Zigandak Taxoaren. Inbidia apur bat ere nabaritu zitzaion Larraintzarkoari bere hitzetan. Egun Racing egiten ari dena, azken bi denboraldietan Osasunak egindakoaren antzeko zerbait baita, eta Zigandak badaki, denbora emanez gero, Flaño, Font, Javi Garcia, Plasil, Margairaz, Dady eta enparauak ere Osasuna postu dotoreagoetara eramateko gai izan daitezkeela.
Baina une honetan ez. Oso irregularra da Osasuna gaur egun. Partida bikain bat egitetik partida negargarri bat egitera errazegi igarotzen da Iruñeko taldea, oso denbora gutxian. Erregulartasuna behar du Osasunak, talde itxura sendoagoa ematen soilik lortzen den erregulartasuna. Osasunak Racingek baino gol gehiago sartu ditu sasoi honetan (20 nafarrek, eta 18 Racingek), baina Santanderkoek baino gol gehiago jaso ere egin ditu Osasunak (23 gol sartu dizkiete nafarrei, eta 19 Racingi). «Golei etekin gehien ateratzen dien taldea da Racing, eta egia da hutsune garrantzitsuak izango dituela Nafarroako Erresuman; baina bi aurrelari titularrak falta badituzte ere, uda honetan zazpi milioi euroren truke erositako jokalari bat, Tchite, izango dute aurrealdean hasieratik», ohartarazi zuen atzo Osasunako entrenatzaileak, badaezpada.
Hala eta guztiz ere, gorritxoek helburu bakarra izango dute gaur: «Lehen itzulia itxurazko postuetan amaitzeko eta urtarrileko malda gogorregia izan ez dadin, irabazi beharra daukagu. Puntuak batu eta gora egitea da helburua; baina,horretarako, ezin dugu %99an jokatu, oreka ikaragarria baita Lehen Mailako taldeen artean. Partidak erabaki ohi dituzten gauza txikietan aurkariak baino zuhurrago aritu behar dugu», jarraitu zuen Zigandak. Eta Racing denboraldi bikaina egiten ari dela ukatzerik ez badago ere, baikor izateko arrazoirik ere badute osasunazaleek: Ligan etxetik kanpo jokatutako azken hiru partidak galdu egin ditu Marcelinoren taldeak (3-1 Real Madrilen aurka, 2-1 Murtziaren aurka eta 4-1 Sevillaren aurka).
PORTILLO, DEIALDITIK AT. Puñal, Vela eta Dady kili-kolo ibili dira aste osoan, eta ia ez dute taldekideekin entrenatzerik ere izan. Gaur arratsaldeko partidarako garaiz osatuko ez balira, Zigandak kontuak nahiko argi zituela zirudien, dena dela: partidatxoetan Javi Garciak egin ditu Puñalen lanak aste honetan, Velak Juanfran ordezkatzen zuen, eta aurrealdean Margairazen aurretik Portillo jarri du Larraintzarko entrenatzaileak Dadyren tokia hartzeko. Partida bezperan, ordea, kili-kolo ibili diren hiru jokalariak arazorik gabe entrenatu ziren, eta Puñal eta Dady hasieratik jarriko ditu Zigandak gaur, Vela ordezkoen aulkian utziko duen bitartean. Javi Garcia ere ordezkoekin izango da partidaren hasieran, baina Dady osatuko ez balitz, bera ordezkatu behar zuela zirudien jokalaria ez da aulkian eserita ere izango, Portillo deialditik at utzi baitzuen atzo Osasunako entrenatzaileak. Asteazkenean hedabideen aurrean agertu zen aspaldiko partez Portillo, eta zenbait unetan «konfiantza falta» sumatu duela onartu arren, ziurtatu zuen gogor borrokatuko dela Osasunan jokalari garrantzitsu izateko eta Iruñeko klubarekin lorpenak izateko. Golak sartzen ez zaiola ahaztu ere esan zuen, baina martxa honetan ez du erraza izango golegile guztiek hainbeste behar duten konfiantza berreskuratzea. Bere burua aste guztian ustezko titularrekin ikusi ostean deialditik kanpo geratzea gogorra izango da Real Madrileko harrobitik irtendako aurrelariarentzat. Pandiani izango da gaur ordezko aurrelari peto bakarra. Kike Sola ere kanpoan utzi du Zigandak. Delportek gainkarga baten erruz ez zen atzo entrenatu, eta frantziarra ere ez da aulkian eseriko.
«Oso talde sendoa da Racing, hobeto edo okerrago jokatu arren, beti talde trinko baten itxura ematen du»
«Aurrelari titularrak falta baditu ere, udan zazpi milioi euroren truke erositako jokalari bat ariko da: Tchite»
joseangel ziganda
osasunako entrenatzailea
Racingen inbidiatan
Osasunak nahitaez irabazi behar dio gaur Racingi Iruñean, jaitsieratik gertuago egon nahi ez badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu