Rafa Alkorta Athleticeko kirol zuzendariak hitz gutxitan laburbildu du nolakoa izan den taldearen aurtengo denboraldia: «Irregularra izan da. Ondo hasi ginen ligan, eta Europako postuen lehian ibili ginen. Itxialdiaren ondoren, bi jardunaldietan zazpigarren postuan geunden, baina ez diogu guk nahiko genukeen amaiera eman denboraldiari». Azaldu du Leganesen aurka galdutako partidatik aurrera taldeak beheraldia izan zuela. «Europa gertu izan dugu, baina bidean puntu askok egin digute ihes, eta ez dugu behar bezala errematatu». Bi denboraldiz jarraian Europatik at geratu dira zuri-gorriak.
Alkortak ez du ezkutatu jokalariek zelaian «gehiago egin» zezaketela; erasoan, zehazki. «Golak sartzeko gabezia izan dugu, eta hori zenbakietan ikusi da». Defentsan, baina, «sendo» aritu direla esan du: «Talderik indartsuenen aurka ondo aritu gara, eta gol gutxi sartu dizkigute». Espero du datorren sasoian «hobeto» ibiliko direla.
Dena den, Kopako finalari azpimarra berezia egin dio Athleticeko kirol zuzendariak: «Merezimendu osoz gaude finalean, aurkari indartsuak garaituta. Bartzelona ahalguztiduna, esaterako». Lorpen horretan, Gaizka Garitano entrenatzaileak egindako lanari bere balioa eman dio: «Egoera zail batean hartu zuen entrenatzailearen kargua, eta ordutik egin duena aintzat hartu behar dugu. Berarengan sinesten dugu, eta garbi dugu hura dela taldearentzako gidaritzarik onena». Garitanok ekainean berritu zuen beste denboraldi baterako kontratua Athleticekin.
Harrobiaren azpimarra
Udako merkatuari dagokionez, Alkorta garbi mintzatu da: «Oraingoz, kanpotik jokalariak fitxatzeko asmorik ez dugu. Harrobiari begiratu behar diogu, horrek elikatzen baitu taldea». Martin Merkelantz jokalariaren inguruan, bestalde, ez du aipamen berezirik egin. Kirol zuzendariaren esanetan, etorkizunera begira, Beñat Etxebarriak, Mikel San Josek eta Ariz Adurizek utziko duten hutsunea nolabait Athleticeko bigarren taldetik eta Baskoniatik igotako jokalariekin betetzen saiatuko dira.
Ildo beretik, joan den astean Athleticek eta Antiguokok 2030era arte sinatu zuten hitzarmenaren inguruan, «harro» sentitu da: «Euskal Herriko harrobiko talderik onena da Antiguoko. Seguru nago, elkarri asko lagunduko diogu datozen hamar urteetan».
Athletic utzi nahi duena, bestalde, Iago Herrerin da. Alkortak azaldu duenez, atezainak urtarrilean jakinarazi zion ez zuela Athleticen jarraitu nahi. «Herrerini irteera erraztuko diogu, baldin eta taxuzko eskaintzaren bat jasotzen badugu. 2021era arte du kontratua, eta klausula ez dauka nolanahikoa». 50 milioi euro. Azken sasoian Unai Simon izan da titular, Herreninen kalterako.
Pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, Athleticek defizit «handia» izan du, Alkortaren arabera. Taldeak ekonomikoki galerak izango dituen arren, «arazorik ez du izango» jokalarien soldatak ordaintzeko.
Zuri-gorriek abuztuaren 10ean hasiko dute denboraldi-aurrea. Alkortak jakinarazi duenez, sasoi honetan utzita aritu diren jokalari guztiak lehen taldearekin entrenatzen hasiko dira, baita bigarren taldeko bost jokalari ere: Dani Vivian, Unai Vencedor, Jesus Areso, Jon Morcillo eta Oier Zarraga.