Euririk ez, baina ikuskizun ederra izan zen igandean Belgikako Spa-Francorchamps zirkuituan. Tristea da tabako publizitatearen inguruan izandako ezadostasunengatik iaz egutegitik kendu izana eta etorkizunean zer egingo duten oso argia ez izatea. Hala ere, datorren urteko behin-behineko egutegian sartu dute. Bide batez, Michael Schumacherrek zazpigarren titulua eskuratu zuen, ia konturatu gabe.
McLaren taldeari aspaldiko iganderik gozoena oparitu zion Kimi Raikkonen finlandiarrak, azkenaldian pare batean merezi izan zuen garaipena lortuz. Frantzian auto berria atera zutenetik Ferrariri aurre egin dion bakarra izan da, baina lasterketa batzuetan hola-hola ibili da, Hungarian esaterako. Igandean argi eta garbi irabazi zuen, gidari-auto konbinazio onena Raikkonen-McLaren izan zelako.
McLarenek, nolabait, denboraldia itxuratu du garaipen honekin, baina diru asko galduko du aurten, hala ere. Dagoeneko guztia erabakita dago, eta ezer gutxi du irabazteko taldeak. Autogileen txapelketan BAR eta Renault urrun badauzka ere, hori izan daiteke taldearen helburua denboraldia amaitu bitartean. Azkenaldiko maila ikusita betetzeko moduko helburua da, lau lasterketa falta baitira.Ferrari podiumeko bi mailetara igo zen, azken bietara ordea. Istiluz beteriko lasterketan, Barrichellok maila ona eman zuen: azken postutik hirugarrenera iritsi zen. Schumacher, aldiz, ez zen bere onenean izan, pneumatiko aukeraketan asmatu ez zuelako neurri batean. Adierazgarria da Raikkonen hamargarren postutik aterata izan zela garaile, eta Schumacher bigarren aterata garaitu zuela.
Batzuen eta besteen ibilbidea
Italia, Txina, Japonia eta Brasil falta dira denboraldia amaitzeko. Ferrarik duela hilabete utzi zion F2004 autoan hobekuntzak egiteari, hurrengo urteko autoan jarri nahi baitu arreta. Hori dela eta, baliteke denboraldiko azken lasterketak irekiagoak izatea, beste taldeek autogileen puntuak eta dirua bildu nahi baitituzte. Hortaz, McLaren, BAR, Renault eta Williams euren autoak garatzen ari dira oraindik.
Michelinek ere badu zer aldatu, igandean hiru autok zulatua izan baitzuten atzeko eskuin pneumatikoan. Pierre Dupasquier arduradunak esan zuenez, ez zituzten eragin istripuetan gelditu ziren karbono zatiek, estatistikoki oso zaila baita beti gurpil berdina zulatzea eta beti Michelinena. Arazoaren iturria ondo aztertu eta konpontzeko, 200 edo 400 gramo goma gehiago jarriko zutela adierazi zuen.Ez da Michelin pneumatikoak horrela lehertu diren lehen aldia, eta horri etena jarri behar zaio. Zirkuitu eta autoetan dirutza izugarriak inbertitzen dituzte segurtasuna hobetzeko, eta ondoren pneumatikoak orduko 300era doazenean lehertu egiten dira. Asteburuan bost gidarik izan zuten halako zerbait, eta Spako abiadura handiekin oso arriskutsuak dira horrelako zulatuak eta.
Raikkonenen garaipenak haren balioa berresteko balio du. Iaz erakutsi zuen auto dezente batekin zer egiteko gauza den, baina Schumacherrek zazpi titulu ditu eta Raikkonenek bi garaipen bakarrik. Gutxik espero zuten zuen autoarekin aurten ezer irabazterik. Kazetari batek apustua egin zion Ron Dennisi, aurten haren taldeak lasterketaren bat irabaziz gero kazetariak Silverstonen biluzik korrika egingo zuela. Irakurleen lasaigarri, Berria ez dago horretan nahastua.
Schumacherren zazpigarrena
Dagoeneko urteroko kontua da 2000tik, Ferrariren lehortea bukatu zenetik, Schumacher garaile dela. Fangioren errekor urrunak gero eta txikiagoa dirudi harenaren alboan. Irabaztea lehen eta orain zaila, gogorra eta merituzkoa da, baina datuak ongi irakurri behar dira ondorioak atera aurretik. Hasteko, Fangioren lasterketa bakoitzak, batez beste, 400 km-tik gora zituen. Argentinarrak bederatzi urtetan lortu zituen bost tituluak; Schumacherrek, hamalautan zazpi.
Lasterketa kopurua ere erabat desberdina; Schumacherrek gaur arte 207 ditu, Fangiok adina lau. Eta Schumacherrek hasitako hamar lasterketatik lau irabazi baditu; Juan Manuel Fangiok, ia bost. Biak ere gidari handiak, euren garaian parekorik ez dutenak. Baina Fangiok eginikoa, aspaldikoa eta Schumacherren zenbakiak baino txikiagoak izanda ere, ez da baztertu behar.Askotan esan da Schumacherren meritua ez dela autoa azkar gidatzea bakarrik. Hori, berez, beste inork ez bezala egin ohi du ez lasterketa guztietan, baina bai %90etan. Gehitu behar zaiona taldea sortzeko ahalmena da, eta ez orain auto onena duenean, baizik eta 96an, Ferrari gaur egungoaren erdia ere ez zenean. Langile amorratua, egungo super izar askok ez duten grina du irabazteko. Guztia irabazi badu ere, ez da arraroa zirkuitutik larunbatean azkena ateratzen ikustea, iganderako guztia prest utzita.
Raikkonen irabazle,eta kazetaria, biluzik
McLarenentzat ez da ari denboraldi ona izaten, baina oraindik autogileen sailkapenean bigarren postua eskuratzen saia daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu