RAMONEN TABERNATIK. FRANTZIAKO TOURRA. Hain gertu eternitatea

Julen Gabiria.
2005eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Chris Horner estatubatuarra da. Zerotik dator, beraz. Herriko bizikleta-dendan hasi zen lanean, miseria kobratuta. Gero aldamioko langilea izan zen obran, eta 20 urterekin kalean geratu zenean, supermerkatu merke bateko kreditu txartelari esker iraun zuen denbora batez, tarteka karreretan parte hartzen zuen bitartean. La Française des Jeux taldeak fitxatu ostean, kontinente zaharrera etorri zen, baina Europako abenturak porrot egin eta berriz joan zen Estatu Batuetara, mailarik eskaseneko karreretan parte hartzera. Harik eta, iaz, Saunier Duvalek fitxatu zuen arte. Emazteak esan zion Tourrera bazihoan banatu egingo zirela, eta Tourrera etorri da. Banaketa prozesua abian da. Chris Horner antzinako ziklista horietako bat da, Vicente Blanco berri bat, zeinek 1910ean Bilbotik Pariserainoko bidea bizikletaz egin baitzuen, Tourrean parte hartzeko. Jakina, Blancok lehenengo etapa ere ez zuen amaitu.Hornerren motibazioa bizirautea da. 33 urterekin, hauxe du lehenengo itzuli handia, Tourra. Egunero dabil aurrean, ahaleginean. Ziklismoan dagoen lorpenik handienetik 200 metrora geratu da gaur, mitoen galerian sartu ezinik. Baina Ramonek ondo esan du: ziklismoa bizitzaren ispilua da.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.