Tabernara sartu naizenean, sailkapenei begira topatu dut Ramon, Armstrong arrabolean dabilenean bezain kontzentratuta. Etsipenez altxatu du begirada: «Harrapatu gaituzte», esan dit, eta botila baten bila makurtu da barraren azpian, etsipena nonbaiten ezkutatzeko. Berriro agertu denean, egunkaria eman eta sailkapen orokorra erakutsi dit. Boligrafoz markatuta zituen Zabriskie, Armstrong, Hincapie, Landis, Julich eta Leipheimer izenak. «Badakizu ze egun den gaur?», galdetu dit. Horrelako galderak egiten dituenean ez zaio erantzun behar, berak galdetu eta berak erantzutearen jokoa gustatzen zaio eta: «uztailaren 4a», argitu dit, eta boligrafoz markatutako ziklistak seinalatu ditu.
Ramonen iritziz, euskaldunok garai batean genuen kastaren lekukoa amerikarrek hartu dute. Duela gutxi deskubritu zuten txirrindularitza, baina dagoeneko konkistatu gaituzte, «kastarekin», esan du Ramonek. Kastarekin eta, oso ezaugarri amerikarra, zailtasunei aurre eginez. Lehenengo zailtasuna, orokorrena, ziklismoa ez dela batere kirol ezaguna itsasoz bestaldean. Bigarren zailtasuna, pertsonalagoa, Tourreko lider izan diren amerikarrek gainditu dutena: LeMondek tiro bat jaso zuen ehizan zebilela; elbarri gera zitekeen, baina ondoren beste Tour bi irabazi zituen. Armstrongek minbizia gainditu eta sei (zazpi) Tour irabazi ditu. Zabriskiek, maillot horia jantzi duen hirugarren amerikarrak, istripu bat izan zuen duela urte bi eta gurpildun aulkian geratzeko zorian egon zen. Medikuek ere ezin dute ulertu zelan lortu duen berriro ibiltzen hastea. Edo, zelan ahaztu, duela urte biko Tourrean, Hamiltonek Baionan amaitzen zen etapa irabazi zuenekoa, lepauztaia apurtuta zuela. Edo, 1988ko Giroan, Gavia elurtuan gora, Andy Hampsteni deabrua bera agertu omen zitzaionekoa. Amerikarrei gustatzen zaie izan zitekeen eta izan ez den tragedia imajinatzea. Gustatzen zaie, estatubatuarren izaera sinbolikoa horixe delako, bizitza berriari ekitea. Baina nago, guk ere, ez ote diegun gero eta gehiago begiratzen izan zitezkeen eta izan ez diren tragedia horiei. Besteen bizitzetako bidegurutzeak maite ditugu: ze bide hartu? Zeinek eramango gaitu garaipenera eta zeinek tragediara? Karotidatik zenbat milimetrora geratuko gara, hartutako erabakiaren arabera? Gustatzen zaigu iraganaren bidezidorrekin jolasean aritzea. Hau hiltzeko puntuan egon zen, honek suizidatu nahi izan zuen baina bala trabatu egin zitzaion, hark bizikleta bat aurkitu eta ziklista bihurtu zen. Bai: uztailaren 4a, gero eta gehiago, denon eguna da.
RAMONEN TABERNATIK. Izan zitekeena eta ez dena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu