Athleticek bart gauean jakinarazi du aurreakordio bat lortu duela Atletico Madrilekin Raul Garcia erdilaria fitxatzeko. Gauerdian amaituko da fitxaketak egiteko epea, eta, beraz, gaur bertan gainditu du osasun azterketa, ondoren kontratua sinatzeko. 2019ko ekainaren 30era arteko kontratua izango du, eta haren etete klausula 40 milioikoa izango da.
Osasunaren harrobian hezitako jokalaria da Raul Garcia iruindarra. 2004ko urrian egin zuen debuta gorritxoen lehen taldearekin, eta 2007ra arte aritu zen bertan. Atletico Madrilek fitxatu zuen orduan, hamahiru milioiren truke, eta han egin ditu zortzi urte. Tartean, 2011-2012ko sasoian, utzita jokatu zuen Osasunan.
316 partida jokatu ditu Espainiako Ligako Lehen Mailan; 454, beste txapelketa batzuk kontuan hartuta. Guztira, 66 gol sartu ditu.