Astebeteren bueltan beltzetik zurira egin du Osasunaren egoerak, eta jokalarien aurpegian igarri zen hori atzoko lan saioan, Taxoaren. Joan den astean 6-0 galdu zuten gorritxoek Rayo Vallecanoren aurka, baina herenegun Espanyol 2-0 menderatu ondoren, Europako postuetan sartzeko ametsa egia bihur daitekeela sinesten hasita daude Iruñean. Raul Garcia taldeko zutabe nagusia da horren errudunetako bat: «Sasoia amaitzeko partida dezente falta direla, mailari eustea lortu dugu, eta sailkapeneko postu gozoei ezin diegu muzin egin».
Pozik eta, era berean, serio mintzatu zen atzo Garcia, lan saioa amaitu berritan. Espanyolen aurkako garaipena ederra izan zela aitortu arren, lanean jarraitu beharra dagoela gogorarazi zuen: «Egia da partida irabazita beste gorputz batekin egoten dela bat, baina horrek ez du esan nahi lana alde batera utzi behar dugunik. Izan ere, horri esker ari gara arrakasta izaten».
Eta zenbakiei begiratuta, Garciak ez dio gezurrik. Osasunaren izarra bilakatu da, eta erdilaria bada ere, golegile nagusia hura da. Guztira, bederatzi sartu ditu: «Zalantzarik gabe, nire denboraldirik onena izaten ari da. Arlo pertsonalean oso gustura nago, baina gusturago taldeari laguntzen ari naizelako». Osasunara utzita joan zenean aulkitik ikusi zituen lehen lehiak Zizurkoak, lesio bat gainditu berri zegoelako, baina, orain, ezinbestekoa bihurtu da.
Mendilibarren loreak
Zoraturik dauzka zaleak, baita Jose Luis Mendilibar bera ere. Entrenatzaileak hitz politak izan zituen atzo Garciarentzat: «Neurketa bakoitzean daukan dena ematen du, eta eskertzekoa da. Jokalari handia da, eta handiagoa izango da. Hori bai, gainontzekoak ere bikain ari dira euren jardunean». Mendilibarrek esan zuen taldeak zor ziela zaleei Espanyolen kontrakoaren moduko garaipen bat.
Gauzak ondo doazkion arren, gose da Garcia, eta argi du oraindik hobetzeko asko daukala. Ez daki, baina, bide horretan zein taldetan jarraituko duen: «Nire etorkizunaz deus ere ez dakit, eta pentsatu ere ez dut egin nahi. Horrek ez lidake utziko momentuaz gozatzen. Denboraldia amaitzen denean hitz egingo dut». Okerrik ezean, ezinezkoa izango da Osasunan jarraitzea.
Raul Garcia: «Nire denboraldirik onena izaten ari da»
Erdilariak bederatzi gol sartu ditu ligan; Osasunak seigarren postua lor dezakeela sinetsita daude Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu