Zuzeneko kontakizuna, Jon Eskudero kazetariaren eskutik:
Azken jardunaldian Eibarri irabazi ondoren, beste animo batekin igaro dute astea txuri-urdinek, eta, zail dela aitortu arren, baikor zelairatuko dira. «Eibarren aurka irabazita konfiantza berreskuratu dugu, eta bide berean jarraitu nahi dugu. Irabaztera aterako gara», adierazi zuen atzo David Moyesek. Horretarako, defentsan sendo eta erasoan fin ibili beharko dute. «Baloia hanketan dugunean erne jokatu beharko dugu, Real Madrilek kontraeraso bizia baitu».
Estatistikek, dena den, ez diote baikortasun mezu handirik ematen Realari. Batetik, zazpi hilabete baino gehiago dira etxetik kanpo garaipenik lortzen ez duela. Bestetik, sasoi honetan oraindik ere ez du lortu bi partida segidan irabazterik. Ondorioz, Bernabeun ezustea ematea mirariaren parekoa litzateke. Ligan 67 aldiz jokatu du bertan, eta soilik hirutan irabazi.
Hamaikakoari dagokionez, badirudi joan den asteko talde berbera zelairatuko duela Moyesek. Real Madrilen aldetik, Cristiano Ronaldok ez du jokatuko, eta Illarramendi hasieratik ariko da.