Bartzelonak eta Real Madrilek, Txapeldunen Liga irabazteko bi faborito handiek —Bayern Munichen baimenarekin—, finalera arte ez dute topo egingo. Espainiako Ligako bi talde handiak kanporaketa koadroko alde banatan daude. Bartzelonak Milanen aurka jokatuko du final-laurdenetan; Real Madrilek, berriz, Apoel Nikosiaren kontra. Bartzelonaren aldeko beste kanporaketa Benficak eta Chelseak jokatuko dute, eta Real Madrilen aldekoa, Bayern Munichek eta Olympique Marseillak. Joanekoak martxoaren 27an eta 28an jokatuko dira, eta itzulikoa, apirilaren 3an eta 4an.
UEFAk Nyonen (Suitza) duen egoitzan egin zen zozketa atzo, eta Real Madrili egokitu zitzaion sari nagusia. Apoel Nikosiak eman du txapelketako ezustekoa, eta izenez, behintzat, hura da talde ahulena. Denek nahi zuten hura kontrario, eta, hori gutxi balitz bezala, Jose Mourinhoren taldeak etxean jokatuko du itzulikoa. Zipreko taldeak Olympique Lyon kanporatu zuen, eta amets bat betetzen ari da. Real Madrilek, berriz, Txapeldunen Liga hartu du helburutzat, eta orain arte zanpagailu baten gisa ibili da.
Koadroko alde horretan bertan, Bayern Munichi teorian aurkari ahulenetan bigarrena dena egokitu zaio. Olympique Marseillak gorriak ikusi zituen Inter Milan kanporatzeko, eta distirarik gabe iritsi da final-laurdenetara. Ligan ere komeriak ditu, eta badirudi final-laurdenak ur handiegiak direla. «Ziur Munichen pozik daudela, gu baino gehiago», onartu zuen atzo Vincent Labrune Marseillako presidenteak. Bada bai, egia da, egokitu zitzaizkiokeen aurkariak ikusita Bayernek zortea izan zuelako, eta, gainera, etxean jokatuko du itzulikoa. Bi taldeek aurretik inoiz ez dute jokatu elkarren aurkako kanporaketarik. Finala Munichen izango da, eta martxoaren 19a gorriz markatuta dute Allianz Arenako aldagelan. Bavariako taldea da Espainiako Ligako erraldoiei aurre egiteko hautagai nagusia.
Kanporaketa erakargarriena Milanen eta Bartzelonaren artekoa da. Iazko txapeldunak ez du lan erraza izango Milan kanporatzen, azken urtean asko hobetu baitu bere irudia. Lehen fasean elkarren aurka jokatu zuten, eta, Bartzelonan bina egin ondoren, Pep Guardiolaren taldeak 2-3 irabazi zuen etxetik kanpo. Bartzelonak erronka polita du, Txapeldunen Liga bi urtez jarraian irabazten duen lehen taldea izatea. Kanporaketa Milanen hasiko da, eta etxekoen aldetik kolokan dago Boatengen parte hartzea.
Chelsearen itxaropena
Ingalaterrako futbolak ez du txapelketa gozoa izan, eta Chelsea da ohoreari eusten dio talde bakarra. Ligan gorriak ikusten ari da, eta Europan jarria du itxaropena. Duela bi aste Andre Vilas-Boas entrenatzailea kargutik kendu zuten, eta hartaz geroztik jokaturiko hiru partidak irabazi ditu. Azkena 3-1 Napoliren aurka, Stamford Bridgen. Ez du joko ikusgarririk egiten, baina gutxienez eraginkorra da. Benfica, berriz, lehen fasean oso ondo aritu zen, eta zelai erdiko joko oso ona du. Chelsea da faborito, baina Benficak ezustekoa emateko ahala badu. Kanporaketa Lisboan hasiko da.
Real Madrilek eta Bartzelonak elkar saihestu dute
Txapeldunen Liga irabazteko bi faborito handiek finalean bakarrik egin ahal izango dute topo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu