Asteburu oparoa izan da emakumezkoen kirolarentzat. Eskubaloian, liga irabazi zuen larunbatean Bera Berak, eta beste horrenbeste egin zuen atzo Realak belar hockeyan. Madrilgo Club de Camporen aurka berdindu egin zuen, eta penaltietan 5-4 nagusituta eskuratu zuen titulua.
Donostian jokatu zuten partida, eta etxeko zaleen babesa jaso zuten txuriurdinek. Galtzen hasi ziren donostiarrak, baina bigarren zatian berdinketa lortu zuten. Luzapenean ere ez zen golik izan, eta penaltietan erabaki zen partida, beraz.
Atzoko partida irabazita, zazpigarren aldiz irabazi du Ohorezko Liga Realak. Duela hamalau urte nagusitu zen azken aldiz.
Realeko eta Bera Berako jokalariei omenaldia egingo die gaur 13:00etan Gipuzkoako Foru Aldundiak.