Espainiako lehen maila

Reala, Txapeldunen Ligara

Txuri-urdinek 0-1 irabazi diote Deportivori, eta Valentziak Sevillaren aurka 4-3 galdu du. Hamar urte geroago berriro sailkatu da Reala Europako txapelketa gorena jokatzeko. Atarikoa jokatu beharko du udan. Atheticek bina egin du eta Osasunak 4-2 galdu du.

Jon Ordoñez-Julen Etxeberria
2013ko ekainaren 1a
23:17
Entzun

Reala Europako Txapeldunen Liga da berriro. Azken aldiz 2003. urtean sailkatu ziren txuri-urdinak, Espainiako Liga irabazteko zorian izan ziren denboraldi horretan. Orduan Vigon galdu zuten lehen postua azken aurreko jardunaldian, eta Real Madrilek aurrea hartu zien. Hamar urte geroago, berriz, Galizian ez da horrelakorik izan, kontrakoa baizik. Azken jardunaldia hasi aurretik Txapeldunen Ligatik at ziren donostiarrak, baina Valentziak galdu egin du 4-3 Sevillaren aurka, eta Realak 0-1 irabazi dio Deportivori. Modu horretan, laugarren postuan amaitu du Realak denboraldia, 66 punturekin, Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madrilen ondoren.

Emozioz beteriko partida izan da Coruñakoa. Griezmannek aurreratu du Reala, eta minutuak aurrera egin ahala Valentziak bere partida ez zuela irabaziko zirudien. 4-3 galdu dute valentziarrek Sevillaren aurka, baina Realak irabaziz gero, berdinketak ere balio ez zionez, partida erabakigarria Coruñakoa zela garbi zegoen. Deportivok ere garaipena behar zuen Bigarren Mailara ez jaisteko, eta galiziarrak estu ikusten zuten euren burua. Saiatu dira azken minutuetan, saiatu direnez, Bravoren atean gola sartzen, baina berdinketak ere ez zien balio. Realarenak ziren irabazteko eta galtzeko aukera guztiak. Berdinduz gero Txapeldunen Ligatik at geratuko zen. Zale bat baino gehigoren bihotzak estutu dira horregatik.

Azken minutuetan Deportivoko jokalariek gora egin dute, baina aukeraren bat edo beste izan duten arren, txuri-urdinek ondo eutsi dioten markagailuan zuten aldeari. Deportivo Zaragoza eta Mallorcarekin batera jaitsi da Bigarren Mailara; Celtak eutsi dio Lehen Mailari. Realak, berriz, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatuko du. Horretarako, baina, beste proiektu bat abiatu beharko du Montanierrek kluba utziko baitu Stade Roazhon taldea entrenatzeko. Partida amaituta pozez zoratzen agertu ziren jokalariak elkarri besarkatuta, eta Galiziara joandako zaleek ere ondo asko ospatu zuten sailkapena, partidaren azken minutuetako tentsioa atzean utzita.

Athleticek bina eginda amaitu du sasoia

Europako Liga Valentziak, Malagak eta Betisek jokatuko dute. Malaga, ordea, Europako txapelketak ez jokatzera zigortuta dago, eta litekeena da horregatik bere lekua Rayok hartzea. Madrildarrek Athleticen aurka 2-2 berdindu dute, eta Malagaren sailkapenaren inguruan zer erabakiko duten zain egon beharko du. Athleticek berdindu egin du, nahiz eta partida hasi eta gutxira epaileak Aduriz kanporatu duen bi  txartel hori erakutsi ostean. Susaetak eta Aurtenetxek sartu dituzte golak, eta berdinketa horrekin amaitu da zuri-gorriek oso ilusionatuta hasi zuten denboraldia. Txapeldunorde izan ziren aurrekoan Europako Ligan eta Espainiako Kopan eta talde sendoa zuen. Denboraldia ez da nahi bezalakoa izan, ordea, eta hamabigarren postuan amaitu du sasoia. Bielsak taldean jarraituko duen ere zalantzan dago.

Osasunak 4-2 galdu du eta Ricardok agur esan du

Osasunak 4-2 galdu du Real Madrilen aurka Santiago Bernabeun, ligako azken partidan. Ez zuen horrek ere ezer jokoan. Iruñeko taldeak joan zen igandean eutsi zion mailari, Sevillari Nafarroako Erresuman 2-1 irabazita. 16. postuan amaitu du liga azkenean Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak. Gaurko partidari dagokionez, asko igarri da bi taldeek ezer ez zutela jokoan. Lasai aritu dira biak, presiorik gabe, eta hori sumatu egin da, asko izan baitira erasoko jokaldiak. Real Madril 2-0 jarri da aurretik lehen zatian, Higuainek eta Essienek sartutako golei esker. Bigarren zatiaren lehen ordu laurdenean, ordea, Osasunak berdindu egin du, Roberto Torres eta Cejudoren golekin. Real Madril, ordea, suspertu egin da, eta bi gol sartu ditu jarraian, eta partida erabakita utzi. Ricardok azken ordu laurdena jokatuta hartu du erretiroa. Unai Garciak eta Maikel Mesak, berriz, debuta egin dute lehen taldearekin. Behin liga amaituta, erabakien ordua da. Mendilibarrek beste urtebeterako kontratua du, taldeak mailari eutsi baitio. Hala ere, ikusteko dago Miguel Artxanko buru duen zuzendaritzak zer erabakiko duen.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.