Maialen Lujanbio Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldunaren ohorezko sakearekin hasi da partida. Arretaz entzun dute Messik eta Piquek, Anoeta guztiak bezala, Lujanbioren bertsoa. Realak ere bizi hasi du partida, nagusi, eta ordu laurdena betetzerako aurretik zen, William Joseren golari esker. Golarekin hazita edo, Reala Bartzelona baino gehiago izan da lehen zatian, eta Juanmik sartutako golari esker 2-0 jarri da. Aurretik beste gol bat ere baliogabetu du epaileak, zaleen protesta artean.
Ondo ari zen Reala, baina Bartzelonak ongi aprobetxatu du lehen zatian eduki duen aukera bakanetakoa, eta Paulinhok egindako golarekin, lehen zatia 2-1 amaitu da.
Bigarren zatia hasi orduko sartu du binakoa Luis Suarezek, eta hortxe bukatu da partida Realarentzat. Bartzelona goian hasi da presionatzen, donostiarrek ezin izan dute baloia nahi bezala jokatuta atera, eta presio horri esker, defentsan galdutako baloi batean Luis Suarezek hirugarrena egin du kataluniarrentzat. Reala ezinean ari zen, eta galtzen, aurretik joan ostean. Azken txanpan Bartzelonak ez du atzera egin eta Messik egin du laugarrena faltaz.
Bartzelonak lider jarraitzen du alde handiarekin. Realak erditik behera, arriskutik hurbil.