Atzo Donostiako Udalak jakinarazi ondoren Anoeta estadioa birmoldatzeko espedientea abian jarri duela —Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketa bat egin beharko du—, gaur Jokin Aperribai Realeko presidenteak udal talde denei eskerrak eman dizkie, eta zehaztu du klubak 55 milioi euro beharko dituela estadioa berritzeko. Hots, batez ere atletismo pistak kentzeko eta ikusle kopurua 32.000tik 40.000ra igotzeko.
“Gure proiektuak 55 milioiko aurrekontua du, hurrengo bost urteetan egin ahal izango litzateke eta 40.000 ikuslerentzako lekua izango luke estadioak", esan du Aperribaik goizean, Anoetan bertan emandako prentsaurrekoan.
55 milioiak lortzeko erakundeetara begira jarri direla aitortu du. "Orain finantzazioari buruzko adostasunera iritsi behar dugu”. Adierazi du elkarrizketak izan dituela Kutxabank, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta San Mames Barrirako BBK-k eta erakunde publikoek dirua jarri dutela gogoratu du —Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta BBK-k 50na milioi, Udalak 12—. Donostiako Udalak atzo argitu zuen berak ez duela dirurik ipiniko.
Aperribaik berriro azpimarratu du Anoetako berrikuntza Realarentzat aurrerapausoa izango dela. “Funtsezkoa izango da kluba estrukturalki sendoa izan dadin. Realaren etorkizun indartuko du kirol aldetik eta ekonomikoki”.