Realak Anoetako jokatzeko erari eutsi nahi dio Mallorcan

Iñigo Martinez eta Zurutuza aurrenekoz sartu dira deialdian; Castro eta Elustondo kanpoan gelditu dira

Realak Anoetako jokatzeko erari eutsi nahi dio Mallorcan.
Donostia
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Aurreko bi denboraldietan Mallorcan izandako emaitzei begiratu azkarra emanez gero —ligan bi porrot argi eta, batez ere, kopako 6-1 mingarri hura—, badirudi txapelketako jokalekurik zailenetariko batean ariko direla txuri-urdinak gaur gauean. Eta ez luke hala izan beharrik; berez, egon badaude askoz ere malda gogorragoko tokiak, nahiz eta zenbaki hutsen gainetik Caparrosen multzoak txukun asko ekin dion ligari, Espanyoli irabaziz etxean eta Malagan berdinduz.

Philippe Montanierrek neurketaren atarikoan zabaldutako mezuari motibazio usaina zerion, esku-hutsik ez itzultzeko lehenbiziko urratsa pentsamoldean eragitea baita. «Zelai horrek oroitzapen txarrak ekartzen dizkigun arren, oraingo lehiak ez du zerikusirik izango. Gure joko estiloari eutsiz agintzera aterako gara. Horretarako ahalmena badaukagulakoan nago».

Jokalariek euren artean behin eta berriz hitz egin dute etxetik kanpoko jokabidea sendotzeaz. Ez da obsesioa, baina bai helburu nagusia. Entrenatzaileak berak horixe gogorarazi zien bereei. «Gol gutxiago hartzen saiatuko gara, defentsa lana baita taldearen oinarria. Anoetatik urrun lan hobea egitea da erronka».

Iñigo Martinezek eta David Zurutuzak hobera egin dutenez, zerrendan sartu ditu frantziarrak denboraldia hasiz geroztik lehen aldiz. Ez dirudi hasierako hamaikakoan izango direnik, baina ziur gero eta gehiago jokatuko dutela aurrerantzean. Gorka Elustondo, Chory Castro eta Eñaut Zubikarai, aldiz, kanpoan gelditu dira. Bravoren ordezkoa Enrique Royo gaztea izango da. Javi Rosekin osatu du entrenatzaileak deialdia.

Hamaikakoari dagokionez, pentsatzekoa da bizpahiru aldaketa egingo dituela Montanierrek. Jose Angel bere aukeraren zain dago. Pardok berandu baino lehen erantzukizuna hartuko du zelai erdian. Griezmannek ezker hegalerako bidea hartuko du kasu horretan. Zalantza nagusia da ea etxetik kanpo ere Agirretxeren alde egingo duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.