REALA 1-1 MONAKO

Realak beste puntu bat batu du Europa ligan, Monakoren aurka

Txuri-urdinak setaz saiatu dira etxeko lehen partida irabazten, baina oso aurkari sendoa izan dute aurrean. Galtzen hasi ostean, banakoa egin dute bigarren zatian, eta Monakok baino anbizio handiagoa erakutsi.

Adnan Januzaj, lurrean, aukera bat huts egin ondoren. JON URBE / FOKU
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 30a
21:11
Entzun

Puntuak banaka ari da biltzen Reala Europa ligan. Gaur, bana berdindu du etxean Monakoren kontra. Gogotik ahalegindu da garaipena lortzen, baina oso hezur gogorra topatu du aurrean. Txuri-urdinen talentua eta esfortzua ez da aski izan Monakoren ahalmen fisikoari eta ordena defentsiboari gailentzeko. Exijentzia handiko beste partida bat izan da, PSVren aurka jokatu zutena bezalaxe. Ezin izan dizkiete hiru puntuak eskaini aspaldiko partez Europako futbolaz gozatu duten zaleei. Akaso, hori zen merezi zuten saria, aurkariak baino gose handiagoa erakutsi baitute garaipena lortzeko. Puntua ez da txarra, dena den. Betiere, Sturm Grazi, multzoko aurkari apalenari, hurrengo bi partidak irabazten badizkiete.

Hasieratik, berea egin nahi izan du Realak, ohiko estiloari leial. Berehala bereganatu du baloia, zaintza estuen bitartez, eta jabetza luzeak izaten ahalegindu da. Apurka, aukerak ere hasi da sortzen: Oiartzabalek gora jaurti du falta bat areatik gertu, eta erasoko trantsizio azkar batean, Januzajek indarrez jaurti du ezker oinarekin. Langatik gertu igaro da baloia. Bada, txuri-urdinen hasiera ona ezerezean utzi du Disasik, korner batean 0-1ekoa eginda. Atzelariak zutoinera jaurti du buruz, ahaltsu, eta Remirok ukitu ostean sartu da baloia ate barruan.

Kanpokoen nagusitasun fisikoaren adierazgarri izan da gola. Eta gerora ere, bertute horren berri eman du Nico Kovacen taldeak. Eta ez hori bakarrik: kokapen ona eta kontraerasoak bizkor antolatzeko gaitasuna ere erakutsi du. Realak, anartean, arazo handiak izan ditu jokoari sakontasuna emateko. Erraz ukitzen zuen bere zelaian, baina aurkariarenean ez zuen zirrikiturik aurkitzen. Merinoren lerro arteko paseak eta Portuk, aurrelari lanetan, sakonera egindako korrikaldiak ez dira aski izan Monako desegituratzeko. Oiartzabalek aukera izan du Zalduak baloia goian lapurtu ostean, eta Elustondo falta batean ahalegindu da. Alferrik izan da, ordea: Monakok eroso eutsi dio errentari atsedenera iritsi artean.

Alabaina, Realak beste martxa bat sartu du bigarren zatian. Erritmo biziagoan jokatu da partida, Imanol Alguacilenei komeni zitzaien bezala. 52. minutuan banakoa egitear izan da Portu, erremate akrobatiko batekin, eta ondorengo kornerrean, berdinketa berrezarri du Merinok. Aparta izan da Januzajen erdiraketa, eta are hobea erdilari nafarrak lehen zutoinean buruz egin duen erremate gurutzatua. Hortaz, odolkiak ordainetan Monakorentzat. Gutxirekin jarri da aurretik lehen zatian Kovacen taldea, eta erasoan are gutxiago agertu da Realak lehia orekatu ostean. Reala, ordea, gero eta usuago hasi da Nubelen ate ingurura hurbiltzen, Januzaj distiratsu batek gidatuta. Haren oinetatik igaro dira Realaren jokaldirik esanguratsuenak. Eta aukera onenak ere bai.

Belgikarrari ate aurrean asmatzea falta izan zaio bakarrik. Errematatzaile baten premia sumatu du Realak, bigarren zatian izan duen nagusitasuna markagailuan adierazteko. Azken minutuetan eten egin da partida, aldaketak eta Vollanden sarrera itsusi bat tarteko. Xextra izan da bi taldeetako jokalari eta teknikarien artean. Azkenean, puntu banaketa Anoetan. Reala multzoko hirugarren dago orain, bi punturekin; lau dituzte Monakok eta PSVk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.