Porrot mingarri bat ahazteko modurik aproposena da ondorengo partidetan nagusitasunez irabaztea. Eta hori ari da egiten Reala. Duela hiru aste 1-0 galdu zuen Lagunak-en aurka. Kolpea izan zen partida hura galtzea, txuri-urdinak Superliga bikain hasita baitzeuden (3-0 irabazi zioten Prainsari estreinakoan). Baina, behera egin beharrean, gora egin dute ordutik. Estatistikak argigarriak dira: bi partida jokatu dituzte, eta biak irabazi, nagusitasunez biak: 0-4 joan zen astean Valladolidi, eta 3-0 atzo Oviedori, Marina Agoues, Zelaia eta Ainara Herreroren golei esker. Atzoko garaipenarekin, Reala goiko postuetan finkatu da, bederatzi punturekin.
Superligako beste hiru euskal taldeek gaur jokatuko dute. Lagunak-ek eta Athleticek sasoiko hirugarren derbia jokatuko dute, 12:00etan, Barañainen (Nafarroa). Nafarrak eta bizkaitarrak sailkapeneko bigarren eta lehenak dira, zazpi eta bederatzi punturekin. Hain zuzen, bi taldeok dira partidarik galdu ez duten bakarrak. Gaurko partidarako, zuri-gorriak dira faborito. Eibarrek, berriz, etxetik kanpo jokatuko du, 16:00etan, Zaragozan (Espainia), Prainsaren aurka. Eibartarrek sasoiko lehen garaipena lortu nahi dute. Irabaziz gero, gainera, Prainsa aurreratuko lukete.
Realak erraz irabazi dio Oviedori Superligan (3-0)
Lagunak-ek eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Barañainen, eta Eibar Zaragozan ariko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu