Mediapro telebista enpresaren aldetik jasoko dituen 11,6 milioi euroetatik zati bat Anoeta estadioaren eraberritze lanetarako gordeko du Realak, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez.
Donostiako 6. Epaitegiak ebatzita jasoko ditu milioi horiek Reala. Zazpi milioi, komunikazio taldeak telebista eskubideengatik Realarekin zuen kontratua ez zuelako bete. Diru hori ez zuen espero futbol klubak, eta Mediaprok bi hilabete pasatu baino lehen ordaindu beharko dio, gainera. Beste 4,5 milioiak, aurreko denboraldien irudi eskubideen truke enpresak Realari ordaindu ez zizkionak dira —klubak denboraldi honetako aurrekontuetan sartuta du kopuru hori—.
Realak orain Sogecableri saldu dizkio irudi eskubideak, eta honek datozen hiru urteetan 75 milioi euro emango dizkio. Mediaprok 15 milioi ordaintzen zizkion.
Donostiako Udalak Anoeta estadioa eraberritzeko plana onartuko du, hil honen hasieran jakin zenez. Lanen ondorioz, besteak beste, estadioak ez ditu atletismo pistak izango eta 40.000 lagunentzako tokia izango da —gaur egun 32.000 sartzen dira—.
Aurrekontua 62,5 milioi eurokoa litzateke. Udalak esana du berak ez duela dirurik jarriko. Lanek lau urte iraungo lukete, baina bitartean ere Anoetan jokatu ahal izango da —obren garaian gutxienez 27.000 lagunentzako tokia legoke—.
Anoeta 1993ko abuztuan inauguratu zuten.