Denboraldiko hirugarren jardunaldian galdu dute lehen partida Athleticek eta Realak. Atzo eguerdian jokatu zuten zuri-gorriek Santiago Bernabeu zelaian Real Madrilen aurka, eta ezer gutxi egin ahal izan zuten Madrilgo taldearen nagusitasunaren aurrean; gipuzkoarrek, berriz, gertu izan zuten berdinketa, baina Courtois atezainaren geldiketa bikainek saihestu zuten Realak puntu bat eskuratzea.
Atsedenaldirako erabakita utzi zuen norgehiagoka Real Madrilek. Partidaren lehen minutuetan ongi aritu zen Athletic, baina Iscok 25. minutuan lehen gola eginda, aise jokatu zuten madrildarrek ondoren. Lehen zatia amaitzear zela, Cristiano Ronaldok egin zuen bigarrena. Iscok sareratu zuen hirugarren gola 71. minutuan, eta Ibai Gomezek 77. minutuan eginiko golak markagailua txukuntzeko baino ez zuen balio izan.
Realak ere arerio gogorra izan zuen aurrean. Atleticok indargabetu egin zuen donostiarren zelai erdia, baina errebote bati esker egin zuen Villak 0-1ekoa, 27. minutuan. Bigarren zatian hobeto aritu zen Reala, baina madrildarrek jo zuten berriro ere, Kokek 61. minutuan bigarrena eginda. Aldaketek on egin zieten txuri-urdinei, eta 69. minutuan 1-2koa egin zuen Xabi Prietok, jaurtiketa zoragarri baten bidez. Aukerak izan zituen Realak bigarrena egin eta berdinketa lortzeko, baina Courtois atezainak galarazi zuen.
Bosgarren postuan da orain Athletic, sei punturekin. Reala, berriz, zortzigarrena da, lau punturekin. Osasuna azken postuan da, larunbat gauean Vila-Realen aurka 0-3 galdu eta gero.