Realak gogor salatu du San Mameseko segurtasun langileen jarrera

Klubak deitoratu egin du partida amaituta Prosegur enpresako zenbait langilek hainbat zale jo izana

Donostia
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Haserre bizian irten ziren San Mamesetik Realeko kideak eta, batik bat, zaleak. Aurrenekoek ezin zuten sinetsi zer egin zuen Mateu Lahoz epaileak, nolatan ez zuen ikusi Carlos Velaren gola. «Garbia iruditu zait eta ez dakit marrazainak nolatan ez duen ontzat eman», zioen Estradak. «Zuzenean ere ez zait zalantzagarria iruditu. Hor daude irudiak. Ez zuen ikusiko, baina jokaldi horrek erabat baldintzatu du neurketa», Markelek. «Gol horrek aldaketa zekarren, eta ikusi izan balu, irabazteko aukerak areagotu egingo zitzaizkigun, hobeak izan baikara bigarren zatian. Oso arraroa izan da ez ikusi izana», azkenik, Xabi Prietok.

Neurketa amaitutakoan ikusi ziren, ordea, irudirik negargarrienak. Realeko zaleak, asko eta asko adingabeak, harmailetan geratu ziren, jokalariak aldageletatik noiz itzuliko zain, eta hauek elastikoak bota eta gero, oraindik ere hainbatek hor jarraitzen zutelarik kontu kontari, segurtasun indarrek modu bortitzean atera zituzten. Realeko hainbat agintarik ere ikusi zuten bertan gertatua, eta ordu gutxiren buruan ohar bat kaleratu zuten eta Prosegur enpresako kideen jarrera deitoratu. «Arrazoirik gabe» eraso izana leporatu zieten. Horregatik, klubak ez du baztertu neurriak hartzea.

Jarrera «basatia»

Harmailetan izandako iturri batzuen arabera, «neurriz kanpokoa» eta «basatia» izan zen erabat segurtasun langileen jarrera. Horietako hainbatek ikusitakoak ikusita, erregutu egin zien zaleei zelaitik irteteko, beren kideak «beren onetik aterata» antzeman baitzituzten. Egoerak «eskutatik ihes egin» izana ere onartu zieten. Prosegurrek Bilbon duen egoitzarekin harremanetan jarri zen atzo BERRIA, eta Madrilgo egoitzarekin jarri zuten harremanetan bi aldiz, han zer edo zer argituko ziotelako. Han, ordea, ez zeuden jakinaren gainean. Prosegurreko langileen jarrera ez ezik, zaleek Ertzaintzaren jarrera ere salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.