Itzuli da mugimendua Zubieta ingurura. Realeko jokalariek denboraldi-aurrea hasi dute gaur; goizean ekin diote lehen lan saioari. Entrenamendurako elastiko berriak soinean irten dira txuri-urdinak zelaira; ez zaie zaleen babesik falta izan.
Realeko jokalari gehienak elkartu dira, Jagoba Arrasate entrenatzailearen aginduetara aritzeko —bigarren urtea du Berriatuako (Bizkaia) entrenatzaileak. Ez dira, ordea, jokalari denak batu. Antoine Griezmann, Haris Seferovic eta Liassine Cadamurok atseden egun gehiago dituzte, Brasilgo Munduko Kopan egon baitira. Diego Ifran hilaren 11n itzuliko da.
Jon Gaztañaga eta Joseba Zaldua estreinekoz ariko dira lehen taldeko jokalari gisa. Alfred Finnbogason azken fitxatuaz gain, beste berritasun bat Yuri Berchiche izango da —Eibarren jardun du, utzita—. Realaren bigarren taldeko Ander Bardaji, Alex Callens eta Pablo Hervias ere entrenamenduan izan dira.
Lan saioaren ondoren Xabi Prietok agerraldia egin du hedabideen aurrean. Esan duenez, Realaren helburua azken bi denboraldiei "jarraipena ematea" da, eta "talde handiekin" goiko postuetan borrokan aritzea. Taldearen azken fitxaketaz galdetuta, uste du Finnbogason "golegile handia" dela.
Denboraldi luzea
Lehen lagunartekoa hilaren 12an jokatuko dute, Tolosan. Denboraldia hil honetan bertan hasiko dute donostiarrek. Uztailaren 31n jokatu beharko dute Europako Ligako lehen atarikoaren joanekoa. Arrasatek iragan sasoiko bizkarrezurrari eutsiko dio.
Anoetako lanen konkurtsoa, "uda bukatu aurretik"
Anoeta estadioa eraberritu eta handitzeko lanak egiteko konkurtso publiko "uda bukatu aurretik" deituko dutela aurreratu Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. Hautaketa fasea abian jartzeko xehetasun bakarra bakarra lotzea falta da, Jaurlaritzak lanak bultzatzeko hitz eman zituen 10 milioi euroak nola zuzenduko dituen zehaztea. Behin konkurtsoa deituta, interesa duten enpresek euren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Enpresa horiek euren kargu hartuko dute lanaren kostua —kalkuluen arabera 50 milioi euro inguru— eta azpiegitura 50 urtez kudeatzeko eskubidea jasoko dute trukean. Litekeena da Reala izatea bere burua aurkezten duen enpresa bakarra.