Realak sei neurketa daramatza galdu gabe, eta bolada baikor hori ahal bezainbeste luzatzen ahaleginduko da gaur, txapelketari duintasunez agur esateko, Atletico Madrilen kontra. Txuri-urdinek ez dute berez ezer jokoan, baina, zelaian aritzeko moduak eta moduak daudenez, alderik lehiakorrena aterata, hobe. Philippe Montanierrek multzoaren irabazteko gogoan eragin nahiko du, hortaz, futbolarien grina zirikatu, entzutetsua litzatekeen garaipena eskuratzeko asmotan. Valentzia Mestallan ezustean harrapatzea lortu zuten lehen itzuliaren amaieran, eta, gaur, zailtasun bertsuko zelai batera egingo dute salto.
Atletico Madrilek datorren denboraldian Europako Ligan aritzea ziurtatu beste helbururik ez du izango, Athleticen aurkako finalean zer egin itxaron gabe, Txapeldunen Ligako postuak begien bistatik desagertu baitzitzaizkien Betisen zelaian, joan den larunbatean. Hain zuzen ere, baliteke Bukaresteko (Errumania) partida garrantzitsu horrek atentzioa desbideratzea. Garaikurrak etxeratzeko aukera ez da egunero gertatzen den zerbait, eta Realak neurketa estua planteatzen badio, bizia, erritmo handikoa, hanka sartu beharrekoa, ea nola erantzuten duten Diego Simeonerenek.
Zubieta inguruan 47 puntu gainditzeaz hitz egin da azken egunetan, multzoaren sinesgarritasuna sendotze aldera. Hori dela eta, ez dirudi Realeko entrenatzaileak hasierako hamaikakoa zeharo moldatuko duenik. Orain arteko jarraibideari segiz, ziur bizpahiru aldaketa egingo dituela. Zubikarai, Pardo eta De la Bella utzi zituen zerrendatik kanpo, eta Cadamuro, Zurutuza eta Agirretxe dira taldera itzultzeko hautagai nagusiak. Atzelari eta erdilariaren parte hartzea ziurtzat jo daiteke. Aurrelariarena ez dago ordea horren garbi, etxetik kanpo erreferentziarik gabe jokatzen ari baita Montanier bigarren itzulian, Vela, Griezmann eta Prietoren mugikortasunari etekina atera nahian.
Realak ligako zelairik gaiztoenetakoan irabazi nahi du gaur
Txuri-urdinen helburua da Atletico Madrili irabaztea eta, bide batez, liga zapore gozoarekin amaitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu