Realak iragan sasoiko lepotik du burua, eta oso ondo ekin dio ligari. 2-0 irabazi dio Getaferi lehen jardunaldiko partidan. Etxekoak gehiago izan dira eta ia partida osoa Getaferen zelaian jokatu da. Hutsune ugari izan arren, zelai erditik gorako jokalariek ondo elkar aurkitu dute eta baloia bizi mugituz bitan zulatu dute Getaferen atea. Lehen gola Velak sartu du (42. min.) eta bigarrena Seferovicek (70. min.). Erdiko aurrelaria denboraldi-aurrean iritsi da Donostiara eta oso ondo aritu da estraineko partidan. Gola sartzeaz gain sistema bereganatu duela erakutsi du eta oso ondo konbinatu du Vela, Castro eta Zurutuzarekin.
Realak konfiantza bultzada jaso du asteartean Txapeldunen Ligako atarikoari aurre egiteko.