Juanjo Arregik entrenatutako taldeak partida txukuna jokatu du, Valentzia baino gehiago izan da minutu askoan, eta aukera garbiak izan ditu. Alferrik, txuri-urdinak ez dira fin ibili erasoan, eta, horren ondorioz, ezin izan dute euren nagusitasuna gol batekin sendotu.
Valentziak, aldiz, izan duen aukera ia bakarra baliatu du gola sartzeko. Mari Paz Vilas aurrelariak sartu du, bigarren zatiaren hasieran, 55. minutuan. Gol horrek eman dio garaipena Herrialde Katalanetako taldeari.
Realean, debuta egin dute taldeak fitxatutako hiru jokalarietatik bik, Claudia Zornozak eta Bea Beltranek. Aurrenekoa hasieratik zelairatu da, eta bigarrena, bigarren zatian. Michi Gotok, ordea, ez du debuta egin. Aulkian, berriz, Arregik lehen aldiz zuzendu du taldea ligako partida batean.
Athleticek, berriz, bihar jokatuko du estreinako partida. Etxetik at ariko dira zuri-gorriak, Badajozen (Espainia), Santa Teresaren kontra, 12:00etan.