Racing eta Reala ostegunean dira jokatzekoak Espainiako Kopako final-laurdenetako itzuliko partida. Zalantzan dago, ordea, partida jokatuko den. Izan ere, Racingeko jokalariek oharra atera berri dute, eta horretan eskaera zehatza egin dute: dimisioa eman dezala Santanderko (Espainia) klubeko administrazio kontseiluak. Esan dute hori egin ezean ostegunean ez dutela jokatuko.
Racingen garai gaiztoa dute aspaldian. Krisi ekonomiko larrian sartuta dago taldea, eta jokalariek, entrenatzaileak zein langileek ez dute soldatarik jasotzen. Sasoi honetako soldata denboraldi amaieran jasoko dutela agindu die Angel Lavin presidenteak. 2008. urtean Europako Liga jokatu zuen Racingek, eta ordutik krisi betean dago. Lehenik Bigarren Mailara eta ondoren beherago jaitsita dago, eta hainbat jokalarik beste bide bat hartu dute. Zaleak ere amorru biziz daude. Almeriaren aurkako Kopako partidan presidenteari eraso egiten ahalegindu ziren. Taldea desagertzeko arriskuan dago.