Realak irabazi du Athleticen kontrako derbia, 2-0, merezita. Bera gehiago joan da partidaren bila, gehiago presionatu du, gehiago errematatu du eta, lehen gola sartzea kostatu bazaio ere, hiru puntuak patrikaratu ditu. Anoetako denboraldiko hiru partidak irabazi ditu. Kanpoan ditu lanak Realak.
Batez ere, bigarren zatian izan da nagusi. Aurreneko partean gehiegitan aritu da luze jokatzen, eta horrela Griezmannek zaila du jokoan sartzera. Eta Realak Griezmann behar du. Taldeak egin ditu hiruzlapau jaurtiketa (Griezmannek bi, Illarramendik bat...), baina Iraizozek ez du arazo handirik izan geratzeko.
Athleticek nahikoa ondo ekin dio partidari, zelai erditik gora Realaren hutsune batzuk aurkituz. Baina zehaztasunik gabe aritu da. Amorebietak eduki du aukerarik onena, korner batean, eta hura ere ez da garbia izan.
Bigarren zatian Griezmann gehiago sartu da erdialdera ezkerretik. Ahal duenean hegala azkar uzten du, erdira jotzeko, eta taldeak eskertzen du haren parte hartzea, haren kalitatea. Bigarren zatiaren hasieran bultza eta bultza jardun dute etxekoek, golaren bila. Ezkerretik egindako jokaldi batean heldu da 1-0ekoa; Griezmannek sartu du, eskubiz jaurti eginda. 63. minutua zen.
Bielsak berehala egin du bere hirugarren aldaketa: Llorente zelaira, Castillo lateralaren ordez. Baina Realak handik hiru minutura sartu du 2-0ekoa, penaltiz. Amorrebietak eskuarekin ukitu du baloia. Bigarren txartel horia atera dio epaileak. Velak egin du gola. 72. minutuan ziren.
Ezuste handirik ezean, erabakita zegoen derbia. Eroso aritu da azken minutuetan Reala, bi goleko aldearekin eta jokalari bat gehiagorekin.
Sei jardunalditan bederatzi puntu irabazi ditu Realak. Athleticek bost. Gaur zortzi Donostiakoek Betisen zelaian izango dute partida (22:00). Athleticek igandean Osasuna hartuko du (18:00).
Reala: Zubikarai; Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella; Illarramendi (Cadamuro, 82m), Bergara, Zurutuza (Castro, 75m); Prieto, Agirretxe (Vela, 69m), Griezman.
Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegi, Amorebieta, Castillo (Llorente 66m); De Marcos, Iturraspe (San Jose, 54m), Muniain; Susaeta, Aduriz, Ismael Lopez (Ibai Gomez, 61m).
Golak: 1-0: Griezmann (63m). 2-0: Vela, penaltitik (72m).
Txartelak: Amorebietak bigarren horia ikusi du 71. minutuan.
30.000 ikusle Anoeta estadioan.