Richard Oribek (Donostia, 1974) Londresko Paralinpiar Jokoetako estilo libreko 100 metroko finalean parte hartuko du, 21:51n. Hirugarren denborarekin sailkatu da goizean finalerako; lehen postutik 0,59ra. David Smetanine frantziarra sailkatu da lehenengo postuan, 1:24.66 denborarekin.
Aitor Oroza (Bilbo, 1976) T1-T2 mailako erlojupekoan hamabosgarren geratu da. Carol Cookek (Australia) irabazi du (sailkapen osoa). Zortzi kilometroko ibilbidea izan dute, trizikloarekin, Brands Hatceko zirkuituan. Orozaren maila T1 da berez; T2koekin lehiatzean, urritasun maila txikiagoa duten aurkariekin neurtu behar izan ditu indarrak. Hemeretzi lagunek hartu dute parte; gizonezkoak eta emakumezkoak batera aritu dira.
Orozak 2008an Pekinen diploma lortu zuen, eta bigarren izan zen bere mailakoen artean.
Espainiako aulki gurpildunekoen saskibaloiko selekzioak Kanadaren aurka izango du jokoan finalerdietara sailkatzea (20:00). Asier Garciak (Bilbo, 1981) Espainiarekin jokatzen du; zaila izango dute aurrera egitea, Kanada oso aurkari indartsua baita, munduko selekzio onenetako bat.
Diploma Ander Romaraterentzat
Ikastera joan zen Ander Romarate Londresko Paralinpiar Jokoetara eta, eskarmentuaz gain, diploma bat besapean hartuta itzuliko da Eibar aldera. 19 urteko igerilariak atzo lortu zuen: S5 mailako —zangoak mugitzeko arazoak dituztenen maila— bizkar estiloko 100 metroko finalean zazpigarren izan zen, 1.12,01eko markarekin. Dominetatik urrun gelditu zen, dena den, brontzea eskuratu zuenetik hiru segundo eta erdira; lanean jarraitzeko akuilu.
Kirol arloan atzoko finalean sartzea zen Romarateren helburua, eta goizean lortu zuen (1.12,00). Lasai ureratu zen finalean, sailkatze faseko zazpigarren denboraren jabe zela jakinda. Lehen kalean aritu zen, eta zazpigarren postu horretan erregular mantendu zen. Zazpigarren denborarekin iritsi zen, zazpigarren egin zuen lehen luzea, eta zazpigarren izan zen bukaeran.