38 urte bete berritan, futbolak zer eman dion jabetzen ari da egunotan. «Futbola bizitzeko modu bat izan da niretzat, pertsona gisa eta jokalari gisa asebete nauen lanbidea; komunikatzeko eduki dudan bidea». Lau urterekin hasi omen zen baloiari ostikoka. «Rosarioko kaleetan». Eta 34 urte geroago, bidean egin duen ezertaz ez da damutzen. «Ez, ez, orain erraza baita esperientziarekin, urteekin eta beste ikuspuntu batekin hau egin behar nuen edo beste hori egin behar nuen esatea. Orain arte hartu ditudan erabakiak intentziorik onenarekin hartu ditut, neure burua eta ondoan nituenak kontuan hartuta».
Une oro lan umila egin du argentinarrak. Hazi gabe, futbolaren joan-etorriek itsutsu gabe. Gertuko pertsona da, zintzo hitz egiten duena, eta zintzotasun horrek eman dio daukan izen ona. «Jendeak ez dakit zer esango duen niri buruz, baina ni pertsona zintzoa izaten saiatu naiz. Lana ondo, erdipurdi edo gaizki egin daiteke, baina nire asmoa inor ez molestatzea eta lagunak egitea izan da». Tituluak irabazi ditu, dezenteko arrakasta lortu du. «Baina tituluez eta arrakastaz haratago, beste gauza batek bete nau: kirol ibilbidea amaitu ostean ere taldekide izan direnek deitzen jarraitzen dutela ikusteak; harreman hori mantentzeak. Hori baino ondasun handiagorik ezin da lortu».
Ondasun hori merezi duenak soilik lortzen du, ordea. Eta onartu du, «agian» bere burua gehiago baloratzea falta izan zaiola. «Dezente gehiago». Baina «oso arduratsua eta autokritikoa» izan da urteotan, eta horregatik izan da, jokatu duen talde guztietan, futbol jokalari soila baino askoz gehiago.
22 URTEREKIN, AMETSA BETETA. Bonanok 1992ko otsailaren 23an ez zuen pentsatuko, ziurrenik, 16 urte geroago halako sonik eta izen onik lortuko zuenik. Egun hartan egin zuen debuta Lehen Mailan, Rosario Central taldearekin. Bere umetako taldearekin. Bere etxean. «Jaio nintzenetik nekien futbol jokalari profesional izan nahi nuela; nire hiriko taldearekin Lehen Mailara iritsi nahi nuela. Ez galdetu zergatik. Banekien». Galdu egin zuen debuteko partida hura, Atletico Huracan taldearen aurka, 2-0. «Baina nire inoizko ametsik handiena bete nuen egun hartan. Umetatik hainbeste borroka egin ostean, helburua bete nuen». Ez zekien amets hark asko iraungo zuen edo ez, partida bakarreko arrakasta izango zen edo aukera gehiago izango zituen... «Baina egun horrekin aski nuen. Futbolean ondoren bizi izan dudan guztia oparia izan da niretzat».
Debut egun hartaz hizketan hasita, futbol jokalari askok egiten ez duten hausnarketa egin du Bonanok. «Orain jabetzen naiz ez dela berdina umetatik zale zaren taldean jokatzea edo beste talderen batean profesional gisa soilik jokatzea». Otsailaren 23 hark bete zuela Bonano jokalari gisa, alegia. Hortik aurrerako guztia lanbidetzat hartu du.
Eta lanbide horretan gora eta gora, Rosarion 90 partida jokatu ostean fitxatu zuen River Platek, 1996an. Bost denboralditan hiru Irekiera Torneo, bi Itxiera Torneo, Libertadore Kopa bat, Hego Amerikako Superkopa bat... «Ofizioa aintzat hartuta, agian, Riverrekoa izan zen ordainik handiena jaso nuen etapa. Nazioartean ezagunago bihurtu nintzen, Europako taldeen aurka jokatzen hasi nintzen, Kontinente Arteko final bat ere jokatu nuen Juventusen aurka... Horrek asko asebete ninduen».
Rosarioko debuta, Riverreko arrakasta... Horrekin nahikoa ez, eta Riverren egin zuen lan onak beste ate bat ireki zion Bonanori. «Argentinako selekzioko hautatzaileak deitu zidan eguna ederki gogoratzen dut. 13 partida ofizial jokatu nituen Argentinarekin, eta Munduko Txapelketa batean ere aritu nintzen». Selekzioaren elastikoa jantzita «harrotasun handia» sentitzen dela aitortu du atezain ohiak. «Argentinarentzat, gainera, oso garai berezia zen hura, krisi garaia, jendea sufritzen ari zen, eta futbola zen arazo ekonomiko, politiko eta sozialei ihes egiteko modu bakarra. Une hartan jendearen poztasunaren zati izatea izugarria izan zen». «Ardura eta poza», biak nahasi zitzaizkion garai hartan.
Eta ardura, handia, Bartzelonan izan zuen. «Izugarrizko kluba da. Taldean nengoenean benetan niri ez zitzaidala hura pasatzen ari pentsatzen nuen». Pena bat dauka barruan. «Agian beranduegi iritsi nintzela Bartzelonara», 31 urterekin iritsi zen Riverretik. «Eta Argentinako jokalari gehienak 22-24 urterekin iristen dira. Adin horrekin egokitzea errazagoa da, azkarrago ikasten da dena». Riverren oso eroso zegoela oroitzen du. «Baina ez nuen futbola utzi nahi Europan jokatu gabe. Ez kirol arloari dagokionez soilik, baizik eta bizitzeko moduagatik, beste kultura batzuk ezagutzeagatik...». Alemaniara eta Frantziara joateko aukera ere izan zuen. «Baina, azkenean, Bartzelonara joatea erabaki nuen. Eskaintza egin eta segundo bakarra iraun nuen baietz erantzuteko, nahiz eta kluba egoera zailean zegoela jakin».
Bartzelonako egoera zail horrek eraginda iritsi zen Murtziara. «Ez zen aukera erraza. Zuzendaritza aldatu egin zen, jokalari berriak nahi zituzten, eta joan beharra neukan. Behartutako sei hilabete izan ziren».
ALAVESEN, URTE ZAILAK. Eta benetan behartuta, eta bere onetik aterata, Alavesen ibili da Bonano. Kirol arloa soil-soilik aztertuta, Gasteizera iritsi zen denboraldian lortutako igoera azpimarratu du. Baina oraindik ez du asmatzen Dmitri Pitermani buruzko zentzuzko hiruzpalau hitz lotzen. Ukrainarraren izena esan eta barrez hasi da. «Ez dakit nola definitu. Klubarekin eduki zuen harremana arraroa izan zen. Lehen denboraldian denok engainatu gintuen, hartu-eman ona zeukan guztiokin. Ez zegoen arazorik. Dena oso erraza zen». Baina igoera lortu eta, akabo. «Mentalitatea aldatu zitzaion. Dena aldatu nahi izan zuen, beste norabide bat hartu zuen, eta arazoak sortuz eta handituz joan ziren. Erradikalago bihurtu zen».
Taldeko giroa ez gaiztotzeagatik denbora askoan jokalariek ez zioten kontra egin. «Baina une jakin batean jada erantzun egin behar izan genion». Jarrera horren eraginez, asko sufritu du argentinarrak azken urteotan Gasteizen. Baina egin behar zuena egin zuela sinetsita, lasai dago. «Pertsona hori ez zegoen futbolaren munduan egotera ohituta, eta nahi zuena egin zezakeela uste zuen, eta hori ezin da onartu. Ez daukat ahaztuta, baina nahiago dut ez gogoratu».
Pitermanek utzitako egoera bideratzeko aukera bakarra zenez, udan konkurtso legeari ekin behar izan zion Alavesek, eta Bonano fitxarik gabe geratu zen. Taldearekin entrenatzen aritu da abendu arte. Baina ezin zuen jokatu. «Oso une gogorrak pasatu ditut. Azkenaldian nire egoera ez da erosoa izan. Alferrik aritu naiz borrokan, baina une horietan ere taldekideak beti ondoan izan ditut; errespetatua eta maitatua sentitu naiz. Asko babestu naute, eta babes hori ezin da hitzez deskribatu. Hori da lor daitekeen gauzarik ederrena».
Baina nahikoa sufritu duela eta, etorkizunera begira jarri nahi du. Begirada horretan «bi alabak» datozkio berehala burura. «Hori izan da futbola uzteko arrazoietako bat, familia. Etxekoak gertu izatea ezinbestekoa da niretzat, eta haurrentzat ere funtsezkoa da aita ondoan izatea. Horregatik aukeratu dugu Bartzelonan bizitzea, gerora, hezkuntzaren alorrean, aukera asko eskaintzen dituelako. Nik ere eurei eskaini nahi diet denbora orain». Haurrei, eta futbolean profesional gisa gehiago ez duela jokatuko barneratzeari. «Izan ere, hori izan da azken hilabeteetako lanik zailena, egunen batean futbola utzi beharko nuela barneratzea. Jokalariak prestatuta gaude aurkariei aurre egiteko, golak jasotzeko, entrenamenduetan fisikoki sufritzeko eta borroka egiteko. Baina borrokarik gogorrena beti norberak bere buruarekin izaten duena da».
«Futbola uztea» esaldia aipatzearekin batera, zuzenketa bat egin du. «Nire lanbidea utziko dut, baina betiko izango naiz futbol jokalari, 80 urterekin ere bai. Orain ere, oinez noala, parke baten ondotik pasatu, haurrak futbolean jokatzen ari direla ikusi, eta baloiaren bila joateko gogoa izaten dut». Lau urte zituenetik baloi artean ibili delako ostikoka. Zaletasuna ofizio bihurtzea lortu zuelako. Ofizioa amaitu zaionean berriz ere afizio ere badela jabetu delako.
Rosario Central, River Plate, Bartzelona, Murtzia eta Alaves. Amaitu da 16 urteko ibilbide luzea. Askotan ederra; gehiegitan gogorregia. Hitzez sentimenduak azaleratzea kosta egiten zaiola onartu du, baina Gasteizen, azken prentsaurrekoan, malko artean esan zuen agur. Alavesek arrastoa utzi diolako bihotzean. Eta berak ere arrastoa utzi duelako Gasteizen.
KIroL IBILBIDea, Bere HITzeTan
1Debuta. «Nire inoizko ametsik handiena bete nuen egun hartan. Umetatik hainbeste borroka egin ostean, helburua bete nuen. Ondoren, bizi izan dudan guztia oparia izan da niretzat».2River Plate. «Ordainik handiena jaso nuen etapa izan zen. Nazioartean ezagunago egin nintzen, Europako taldeen aurka jokatzen hasi nintzen... Horrek asko asebete ninduen».
3Argentinako selekzioa. «Harrotasun handia sentitu nuen. Oso garai berezia zen, gainera, krisi garaia, jendea sufritzen ari zen, eta futbola zen arazoei ihes egiteko modu bakarra».
4Bartzelona. «Taldeak eskaintza egin eta segundo bakarra iraun nuen baietz erantzuteko. Izugarrizko kluba da. Baina, 31 urterekin, agian, beranduegi iritsi nintzen».
5Alaves-Piterman. «Igoera lortuta, erradikalago bihurtu zen. Nahi zuena egin zezakeela uste zuen, eta hori ezin da onartu. Ez daukat ahaztuta, baina nahiago dut ez gogoratu».
NorTasun aGIrIa
Izena. Roberto Oscar Bonano 'Tito'.Jaioterria: Rosario (Argentina).
Jaioteguna: 1970eko urtarrilaren 24a.
Garaiera: 1,86 metro.
Pisua: 82 kilo.
Postua: Atezaina.
Ibilbidea: Rosario Central (1992-1996), River Plate (1996-2001), Bartzelona (2001-2004), Murtzia (2003-2004), Alaves (2004-2007). Argentinako selekzioarekin 18 partida.
Tituluak: Hego Amerikako Superkopa bat (1997), hiru Irekiera Torneo (1996, 1997 eta 1999), eta bi Itxiera Torneo (1997 eta 2000).